Hondarribia, San Pedro eta San Juan Kontxarako txartel bila gaur
23 ontzi lehiatuko dira gaur Kontxako Banderaren sailkapen estropadan jokoan diren zazpi txarteletako baten bila. Hondarribia ziurtzat eman daiteke, eta 'Errekak' ezustekoa eman dezake egin duen liga denboraldi handiari erreparatuta. Araudiagatik, lehiatik kanpo gelditu da Hibaika.
Arraunaren olinpiada handian parte hartzeko txartel bila ariko dira gizonen 23 traineru gaur 18:00etatik aurrera Donostian. Arraunaren hitzordu garrantzitsuena da eta lehia horretan ariko dira Hondarribia, San Pedro eta San Juan datozen bi igandeetan Kontxan aritzeko txartela irabazteko.
Lehia handitik kanpo gelditu da aurten, tamalez, Hibaikaren gizonen ontzia. Gizonen kategorian Kontxako araudiak zehazten baitu Senior Mailakoak behar dutela izan hamahiru arraunlariak. Aurtengo denboraldian hogei arraunlari eta bi patroirekin osatu du eskifaia Errenteria-Oreretako klubak, eta horietatik hamahiru seniorrak dira eta gainontzekoak Gazte Mailako lehen eta bigarren urteko arraunlariak. Senior Mailako arraunlarietako bat lesionatuta, Kontxako sailkapen estropadarako izena eman bazuen ere Hibaikaren gizonen traineruak lehiatik kanpo gelditu dira. Gaiaren gaineko hausnarketa eskatzeko eta egoera azaltzeko aste honetan bertan prentsa adierazpena egin dute talde horretako arraunlariek.
23 traineru ariko dira lehian, lasaiago batzuk, txartela ziurtzat eman dezaketelako. Horien artean sar daiteke Hondarribia. Ama Guadalupekoak bosgarren postuan bukatu du Eusko Label liga eta Kontxako Bandera lortzeko lehian izango da datozen bi igandetan.
Jokoan diren zazpi txartel horietako bat lortzeko—Donostiarrak ziurtatua duelako postua Kontxarako— Oarsoaldeko bi hautagai: San Pedro eta San Juan. Ez dirudi erraza duenik Libiak, baina ziur borrokatu borrokatuko direla moreak.
Ezustekoa Erreka ontziak eman dezake. KAE 1 Ligan erabateko nagusitasuna erakutsi dute arrosek eta onenen parean jartzeko gaitasun betea erakutsi dute. Kontxa jomugan jarria du Joseba Fernandezek entrenatzen duen eskifaiak denboraldi hasieratik.
18:00etan hasita, erlojupean ariko dira 23 ontziak bi taldeetan banatuta. A taldean, Eusko Label Ligako traineruak —Donostiarra salbu, postua zirtatua baitu— eta San Juan ariko dira; B taldean berriz, Ares, Arkote, Astillero, Chapela, Castropol, Deustu, Lapurdi, Santurtzi, Tiran, Zarautz eta Zumaia arituko dira. Zaila dirudi B talde horretako trainerurik sailkatzea Kontxarako, baina nork daki. Gaur arratsaldean, sailkapen estropada bukatuta, jakingo da zeintzuk izango diren datozen bi igandeetako lehian ariko diren ontziak; ordura arte, edozein agertoki da posible.