Hondarribian egingo da Euskal Herriko Pintxo Txapelketa
Hemeretzigarren edizioa da eta Itsas Etxean egingo da urriaren 21etik 23ra. Izena emateko epea irekita dago.
Hondarribian sortu zen Euskal Herriko Pintxo Txapelketa 2006an eta iaz bertara itzuli ondoren, hemeretzigarren edizioa ere Hondarribian egingo da.
Izan ere, herri berdean egin zen lehiaketa 2015era arte, eta gainontzeko urteetan Donostiako Kursaalean edota Gasteizko Europa Jauregian egin ziren. Aurtengoa Itsas Etxean egingo da urriaren 21etik 23ra, eta dagoeneko izena eman dezakete.
Gehienez 54 sukaldarik ahalko dute parte hartu eta sailkapena hiru saiotan egingo dute. Bertatik, 15 finalerdietara sailkatuko dira, eta final handian 8 sukaldari egongo dira.
Txapelketa honen helburua, pintxoetan adituak diren sukaldarien sormena sustatzea izan da, eta baita ere profesional hauen arteko harremanak estutzea. Era horretan, pintxoaren kulturaren garapenean lagundu nahi dute lehiaketarekin. Asmo horiek oraindik bizirik dirautela azaldu dute antolatzaileek, urtero urtero 150 sukaldari baino gehiago elkartzen direlako eta sektoreari dinamismoa ematen diotelako.
Gipuzkoa, txapeldun
Gipuzkoak protagonismo berezia duela txapelketan azaldu dute antolatzaileek, guztira zazpi aldiz irabazi baitute txapela Gipuzkoako ostatu ezberdinetan. Bidasoa nabarmendu daiteke. Izan ere, Hondarribiko Gran Sol jatetxeak lau garaipen izan ditu, 201ean, 2013an, 2017an eta 2023an.
Herri berdineko Sardara jatetxeko Gorka Souto eta Martin Merinok behin jantzi zuten txapela 2016an, eta Irungo Danako jatetxeko David Rodriguezek eta Naiara Abandok 2019an irabazi zuten.