Gloria Gonzalez-Aseginolazak jasoko du Urrezko Intsignia
Biologo eta ikertzailea da Gonzalez-Aseginolaza. Guztira 462 boto jaso ditu. Arrantzaleen Kofradiak, berriz, 162 boto bildu ditu eta Hondarribiko Ikastolaren sorrera ahalbidetu zuten pertsonek 150.
Bigarren urtez bukatutzat eman dute Urrezko Intsignia hautatzeko prozesu parte hartzailea. Aurten ere arrakastatsua izan da oso. Guztira 774 pertsonek parte hartu dute azken faseko bozketan.
Herritarrek Gloria Gonzalez-Aseginolazaren, Arrantzaleen Kofradiaren eta Hondarribiko Ikastolaren sorrera ahalbidetu zuten pertsonen artean hautatu behar zuten eta lehenak jaso ditu boto gehien. Hori dela-eta, biologo eta ikerlari hondarribiarrak datorren irailaren 7an jasoko du Urrezko Intsignia Hondarribiko Udaletxean egiten den ekitaldian.
Gonzalez-Aseginolazak egun Nafarroako Unibertsitatean egiten du lan, eta Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroko (CIMA) Terapia Genikoko eta Adierazpen Genikoaren Erregulazioko Ikerketa Programaren barruan dagoen Gaixotasun Hepatikoen Terapia Genikoaren Ikerketa Taldeko ikertzaile nagusia da.