Elaia eta Maia, Masters Serieseko finalera
Elaia eta Maia irailaren 20an jokatuko den finalerako sailkatu dira. Maite-Frida bikotearen aurka arituko dira nor baino nor. Gizonetan, Bixente eta Atain nagusitu ziren, eta finalerdietan izango dira.
Gizonen Hondarribia Grand Slam eta emakumeen Master Series zesta punta txapelketak azken txanpan sartu dira. Iragan ostiralean bi partida jaso zituen Jostaldi pilotalekuak. Emakumeetan Elaia-Maia bikoteak Helena-Arai bikotea gainditu zuen (15-9 eta 15-10). Garaipen horrekin, Elaia eta Maia irailaren 20an jokatuko den finalerako sailkatu dira. Final handian Maite-Frida bikotearen aurka arituko dira nor baino nor.
Gizonetan Grand Slam txapelketaren seigarren jardunaldia jokatu zen. Bixente-Atain bikotea gailendu zen Benetrix-Salegi bikotearen kontra (15-9, 8-15 eta 5-3). Garaipen horrekin, Bixente eta Atain B multzoko txapeldun izendatu dira, eta irailaren 13an jokatuko diren finalerdietarako sailkatu dira. Emakumeen antzera, gizonen finala ere irailaren 20an izango da.
Gizonen Hondarribia Grand Slam txapelketak ez du etenik izango, eta ostiral honetan (hilak 30) zazpigarren jardunaldiko partida jokatuko dute Urrutia-Oyhenard eta Benetrix-Salegi bikoteek, 20:00etatik aurrera. Garaileek sari potoloa izango dute, finalerdietarako sailkatuko baitira. Sarrerek 10 euroko prezioa dute, eta Jai Alive-en webgunean eskura daitezke.