Santiago kaleko obrak "geldirik" daudela salatu du EAJk
Jeltzaleek salatu dute obrak ez zaizkiela jakinarazi egoiliarrei, merkatariei eta oposizioko alderdiei.
Hondarribiko EAJ taldeak kezka agertu du ohar baten bidez, orain dela hamar egunetik Santiago kaleko obrak “geldirik” daudela salatu du taldeak. Haien aranera, Igor Enparan alkateak uztail hasieran iragarri zituen obrak. Obra horiek jakinarazteko alkateak egindako moduak kritikatu zituzten orduan jeltzaleek, “inguruko egoiliarrei zuzenean jakinarazi gabe. Ez zitzaigun egokia iruditu hiriko erdigunean dagoen kale bat ixtea eta San Pedro kalean trafiko gehiago sortzea, eta hala transmititu genuen”, esan dute.
Jeltzaleek salatu bezala, azken bi asteetan obra geldirik egon da, langileen oporrengatik, eta jeltzaleek salatu dute ez zaiela jakinarazi egoiliarrei, merkatariei eta oposizioko alderdiei. “Udal gobernuaren jarrera kritikatzen dugu berriro. Esaten eta egiten dutenaren arteko inkoherentzia azpimarratu nahi dugu, ez baitie herritarrei obren egutegiaren aldaketaren berri eman. Kale bat altxatuta, egoiliarrentzako aparkalekuak kenduta erdigunean aparkatzeko arazo gehien dauden hilabeteetan, eta bar bat geldirik. Azken batean, obraren kudeaketa txarra erabaki politiko desegokiengatik”, erantsi dute.
Horregatik udal gobernuari datorren urteari begira hiriaren erdigunean obrak egitea ideia ona den ala ez baloratzeko eskatu diote jeltzaleek.