Jaizkibelek konpainia gisa desfilatuko du lehen aldiz
Udalak konpainia gisa ateratzeko baimena eman dio Jaizkibeli. "Lehenbizikoz udalaren errekonozimendua jaso dugu, eta, modu horretan, konpainia bat garela onartuko du herriak".
Datorren irailaren 8an, lehen aldiz, Jaizkibelek konpainia gisa desfilatuko du. Hondarribiko Udalak horretarako baimena eman berri dio Jaizkibeli, BERRIAk jakin duenez. Konpainiako kideek diote “aldaketa garrantzitsua” dela: “Lehenbizikoz udalaren errekonozimendua jaso dugu, eta, modu horretan, konpainia bat garela onartuko du herriak”.
Azken ia hiru hamarkadetan manifestazio bezala atera dira Jaizkibeleko emakume eta gizonak, ez baitzuten konpainia gisa desfilatzeko baimenik. “Zenbait urtetan baimena eskatu izan diogu udalari, baina udalak ez zigun erantzuten; edo baimena ematen zigun, baina beste kale batzuetatik desfilatzeko”. Hortaz, orain arte manifestazio bezala desfilatzea “berdintasunaren aldeko aldarria kalera eramateko modu bakarra” izan dela gaineratu dute.
Konpainiak adierazi du jaso duten erantzuna “historikoa” dela.
Lotura honetan BERRIAk idatzitako albiste osoa irakur daiteke.