Hondarribiarrak, Jai Nagusietarako motorrak berotzen
Irailaren 6an abiatuko diren jaien egitaraua eta kartela aurkeztu dituzte gaur udaleko zinegotziek eta teknikariek. Hainbat berritasun daude aurten.
Hondarribiarrek hasi dute atzera kontaketa. Irailaren 6an helduko dira Jai Nagusiak, irailaren 11ra bitarte festa izango da nagusi herriko kale, plaza eta txoko guztietan. Aurtengo egitaraua eta kartela aurkeztu dituzte gaur Ortzi Alonso eta Josu Peña zinegotziek eta Goio Uriarte eta Maddi Carton teknikariek.
Oier Gil Mendizabal hondarribiarraren kartelak iragarriko ditu aurtengo jaiak, Denok egiten dugu festa leloa daraman kartela sortu du.
Egitaraua prestatzeko 32 elkarterekin elkarlanean aritu da udala, eta horrek “aberastasuna” ematen diola adierazi du Alonsok.
Lau ardatz izango ditu aurtengo egitarauak, haur, nerabe, gazte zein helduek ez dute aspertzeko tarterik izango. Irailaren 6an haurrak izango dira protagonista nagusiak, Pregoi Txikia egingo baitute ohiko zezen puzgarriekin. Hilaren 7an, berriz, txupinazo ofiziala izango da 12:00etan. Aurten, berritasun gisa, suziria Arma Plazako balkoitik botako dute. “Aldaketa honen helburua txupinazoa jendearekin elkarbanatu eta herritarrei hurbiltzea da”, azaldu du Alonsok.
Aurten, gainera, txosnagunea indartzeko apustua egin du udalak, bikoiztu egin baitute kontzertuen programazioa. Kasino Zaharreko nerabeen gunea ere indartu dute, Gazte Kanttua izendatutako gunean kontzertuak eta ekitaldi ugari izango dira.
Prebentzio kanpainak jarriko dira martxan jaiak iraun bitartean, “kontsumo arduratsua sustatzeko”. Mugikortasun urriko pertsonentzako egokitutako guneak ere izango dira aurten, eta udalak aurten berdintasun teknikaria duenez, udan abiatutako kanpainarekin jarraituko dute jaietan. Ez da inolako erasorik onartuko.
Egitaraua jada kontsultatu daiteke, lotura honetan. Esteka honetan ere informazio eta xehetasun gehiago kontsulta daitezke.