Lapurriturri inguruko zuhaitzak ezagutzeko txangoa, irailaren 8an
Gure lagun zuhaitza izeneko ibilbidean parte hartzera deitu dituzte 8 eta 12 urte bitarteko haurrei eta haien gurasoei.
Lapurriturriko informazio puntuak ibilbide gidatu berezia eskainiko du datorren irailaren 8an (igandea da) estreinakoz. Gure lagun zuhaitza izeneko ibilbidea egingo dute parte hartu nahi dutenek.11:00etan abiatuko dute eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango duela aurreratu dute. Noski, Lapurriturritik abiatuko dira herritarrak.
Ibilbide honetan informazio puntuaren inguruan dauden zuhaitzak ezagutuko dituzte partaideek oinez, bertako espezieak eta horien ezaugarriak identifikatzen ikasiko dute: enborrak irakurtzen eta zein informazio ematen duten, zein espezie diren sendagarriak, zuhaitzei buruzko kondairak… Horrez gain, zuhaitzek atmosferako CO2 xurgatzeko duten gaitasunaz ere ariko dira, eta kalkulu erraz bat egiteko eskatuko zaie partaideei. Ibilbidea bukatzeko, fitxa bat banatuko diete, etxean zuhaitz bat landatzeko jarraibideekin.
Jarduera adin tarte guztiei irekia da, baina bereziki 8 eta 12 urte bitarteko haurrak dituzten familiei begirakoa da. Izen emateak bihartik (hilak 22) egin daitezke, irailaren 2ra arte.