Jaietako erakusleiho ederrenek saria jasoko dute aurten ere
Zortzigarren Erakusleiho Lehiaketa antolatu du udalak heltzear diren jaiei begira. Herriko merkatariek izena eman dezakete jada.
Hondarribiko Jaiak heltzear dira, eta udalak jakinarazi du dena prest duela zortzigarren Erakusleiho Lehiaketarako. Herriko merkatariek izena eman dezakete jada, hilaren 27a (asteartea da) izango da horretarako azken eguna. Biztanleen Arreta Zerbitzu (BAZ) bulegoan edo webgune honetan apunta daiteke.
Udaleko iturrien arabera, lehiaketa honen helburua “merkataritza herriko biziaren partaide egitea” da. Hiru erakusleiho ederrenek saria jasoko dute, 450, 300 eta 200 eurokoak.
Erakusleihoek hilaren 28tik irailaren 11ra bitarte egon beharko dute apainduta, eta parte hartu ahal izango dute kalera ematen duten erakusleihoa duten eta zabalik diren denda guztiek.
Epaileek diseinua, sormena, irudi komertziala eta produktuaren aurkezpena izango dituzte kontuan.
Xehetasun gehiago, hemen.