Ustezko bi alojamendu turistiko modu irregularrean jarduten ari direla salatu du Abotsanitzek
Abotsanitz Udal Taldeak "Hondarribian bizi nahi izatea ezin duela luxu bat izan" aldarrikatu du beste behin. Gaur egungo "egoera sostengaezina erabaki politiko zehatz batzuen emaitza" dela dio.
Abotsanitz Udal Taldeak jakinarazi berri duenez, Hondarribian bi alojamendu turistiko ustez modu irregularrean jarduten ari dira. Informazio hori helarazi berri diote Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saileko Gipuzkoako lurralde bulegotik.
Taldeak ohar bidez adierazi duenez, hamarkada bat darama taldeak “Hondarribian bizi nahi izatea ezin duela luxu bat izan” aldarrikatzen, eta gaur egungo “egoera sostengaezina erabaki politiko zehatz batzuen emaitza” dela esan dute: “Hiri eredu honetan etxebizitzaren negozioa, eskubidearen aurretik gailentzen ari da, lehenengo eta bigarren mailako hondarribiarren logikaren arrakala sakonduz”, diote.
Horrez gain, azken urteetan alojamendu turistikoen gorakada “nabarmena” izan dela salatu dute, “Hondarribiko etxebizitza parkea murrizten joan delarik, herritarrak herritik kanporatuak izan, etxebizitzaren prezioaren garestitzea eman eta gehiegizko turistifikazio batetara goazelarik honek dakarren guztiarekin”.
Herritarrak etxebizitzaren problematikaren jakitun direla erantsi dute, “askok bere azalean sufritzen dutelako zuzenean eta beste askok zeharka”. Horregatik, Etxebizitza Turistikoak erregulartzearen eta mugatzearen alde egin du beste behin taldeak, “logika” guztia baitu haientzako. Eta horretarako, HAPO berrian neurri horiek jasotzea “berebizikoa” dela gaineratu dute. “Ez gaude etxebizitza turistikoen aurka, etxebizitza turistikoak Hondarribiko etxebizitza arazoaren problematikaren logikatik heltzeko neurriak jartzeko besterik ez dugu eskatzen”.
Horregatik guztiagatik, eta alojamendu turistikoen jarraipena eta kontrola Jaurlaritzaren eskumena denez, “orain arte bezala lanean jardutea” eskatu diote, “jakin badakigulako egoera honetan bezalako alojamendu turistiko gehiago egon daitezkeela Hondarribian. Hondarribian bizi nahi izatea eskubidea izan beharko lukeelako eta ez pribilegio”.