Irungo ondarea ezagutu eta "uda historikoa" bizitzera deitu dute
Udalak eta Bidasoa Bizirik-ek bisita gidatu sorta bat antolatu du datozen asteetarako. Hauetan hiriko eraikinik adierazgarrienen historia ezagutuko dute irundarrek eta bisitariek.
Irungo Udalak eta Bidasoa Bizirik-ek “uda historikoa” bizitzera gonbidatu dituzte irundarrak zein hiria bisitatzera datozenak, abuztuko zubia ate joka dagoen honetan. Horretarako hiriko ondarearen aberastasuna ezagutu eta ezagutarazteko bisita gidatu batzuk antolatu dituzte datozen egunetarako. Bisita hauetan hiriko eraikinik adierazgarrienen historia ezagutuko dute. Ondorengoak dira bisita horiek:
- Udaletxea: Udaletxea ezagutzeko bisitak egingo dituzte hilabeteko azken larunbatetan, azarora arte. 11:00etan izango dira, euskaraz, eta 12:00etan gaztelaniaz. 50 minutuko iraupena izango dute. Doakoak dira.
- Irungo historia zubiz zubi: Abuztuko ostegunetan izango dira, 11:00etan, Etorbidearen zubitik abiatuta. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta 2 ordu eta 20 minutuko iraupena izango dute txangoek. 3 euro ordaindu beharko dira.
- Irungo ondarea: Abuztuko asteazken (11:00etan) eta ostiraletan (17:00etan) Junkal elizatik abiatuko dira. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, eta 2 orduko iraupena izango dute. 3 euro ordaindu beharko dira.
- Junkal elizako kanpandorrea: Abuztuko larunbatetan, 11:00etan, 11:40an eta 12:15ean izango dira bisitak, euskaraz eta gaztelaniaz. 25 minutuko iraupena izango dute eta 1,50 euro ordaindu beharko dira.
Bisita guztietan izena emateko Luis Mariano lorategiko turismo bulegora jo dezakete, edo bestela, helbide honetara idatzi daiteke.
Bisita hauei lotuta, udalak gogorarazi du Oiasso museoa ere bisita gidatuak eskaintzen ari dela, erromatarren garaiko hiriko ondare arkeologikoa ezagutzeko. Informazio guztia, lotura honetan.