"Hondarribiak Casadevante Jauregia galdu du gobernu taldearen gelditasunari esker"
Udal gobernuak Casadevante Jauregia inbertitzaile pribatu bati saldu berri diola salatu du EAJk, "Hondarribiko Udalari hilabete askotan egindako eskaintzei erantzunik eman ez zaielako" haien arabera.
Hondarribiko EAJ taldeak ohar bidez salatu duenez, Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako udal gobernuak Casadevante Jauregia inbertitzaile probatuei saldu dio, “Hondarribiko Udalari hilabete askotan egindako eskaintzei erantzunik eman ez zaielako” haien arabera. “Hondarribiak Casadevante Jauregia galdu du gobernu taldearen gelditasunari esker”, adierazi dute.
Taldekoen arabera, jauregiaren jabea joan den astean jarri zen harremanetan udal gobernuarekin berriro. Eskaintza bat egin ziotela diote, non metro koadroaren prezioa Hondarribiko bataz bestekoa baino merkeagoa zen EAJko kideen arabera. “Erabaki bat hartzea premiazkoa zela adierazi zuten, baina oraingo honetan ere ez dute udal gobernuaren erantzunik jaso”, salatu dute jeltzaleek.
Aukera hori pasatzen utzi dutelako Casadevante Jauregia ez dela ondare historiko publikoaren parte izango gaineratu dute jeltzaleek. “Ezer ez egiteak eta ekimenik ez izateak agerian utzi dute gobernu honen udal kudeaketa eredua: esaten dutenaren eta egiten dutenaren arteko inkoherentziaz betea”.
Abotsanitzek zein EH Bilduk “urteetan zehar” ondareaz, historiaz edota herritarrek ondare historikoaz gozatzeko duten eskubideaz “asko” hitz egin dutela gaineratu du taldeak, baina, orain, “mahai gainean aukera interesgarria izan dutenean”, ez dutela erantzuteko gogorik ere izan diote jeltzaleek. “Hilabete edo urte batzuk barru Casdevante Jauregiak beste erabilera bat duenean, noren erantzukizuna izango da orduan? Nori botako diote errua Abotsanitzek eta EH Bilduk?”.
Duela hilabete batzuk udal gobernua Egiluz jauregia ere erosteko gai izan ez zela erantsi dute, eta orain ere ez diotela erantzunik eman Casadevante-ren eskaintzari. “Gai honen ebazpenak agerian uzten du gobernu honek ez duela akordiorik lortzeko gaitasunik eta urte gutxi barru damutuko zaigu aukera hauek pasatzen uztea”, esan dute azkenik.