Bakailao plater onenaren bila ariko dira ostegunean
Hondarribiko Pil-pil Bakailu Txapelketaren hamabosgarren edizioa jokatuko dute ostegunean, Zumardikoak elkarteak antolatuta.
Zumardikoak elkarteak dena prest du hamabosgarren Hondarribiko Pil-pil Bakailu Txapelketarako, atzo aurtengoaren gaineko xehetasunak eman zituzten elkarteko kideek. Ostegunean (hilak 15) izango dute hitzordua lehian parte hartu nahi duten sukaldari eta jatetxeek. 621 15 16 27 telefono zenbakira deituta eman daiteke izena, bihar (hilak 14) arte.
Partaideek hiru ordu izango dituzte bakailao kazola kozinatzeko, eta 12:00etarako prest izan beharko dituzte platerak. Kazola prestatzeko behar diren osagai eta material guztiak eraman beharko dituzte partaideek. Epaimahai batek hiru kazola onenak aukeratuko ditu, eta onenak txapela eramango du.
Kutsu solidarioa izango du aurtengoak ere. Izan ere txosnatik eta etxera eramateko salduko diren tuperretatik ateratako dirua Hondarribiko Caritasi emango diote Zumardikoak elkartekoek.
Lehiaren ondoren, bazkari bat egingo dute Batzokian, nola ez, bakailaoa protagonista nagusia izango delarik. Helduen menuak 25 euroko prezioa du, eta haurrena, berriz, 15 eurokoa. Goian aipatutako telefono zenbakira deituta eros daitezke txartelak. Sabelak ongi bete ondoren, musika izango da Batzokian eta Damarri plazan.