Asteburu gazia Oarso-Bidasoko traineruentzat
Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruek lehia izan zuten atzo Pasaiako badian. Lehen sailkatuen artean, Oarso-Bidasoko ontzirik ez.
Pasaiako badian lehia izan zen atzo. Sanpedrotarra arraun elkarteak antolatuta, Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruek I. Adinberri eta I. Gertu Eraikuntzak banderak jokatuko zituzten, Oarso-Bidasoko ordezkarientzako emaitza onik gabe. Ezohiko eguna izan zen atzokoa, bero handiei aurre egin behar izan baitzieten arraunlariek.
Eusko Label ligako lehian, Bermeo Urdaibaik ligako lidergoa sendotzen jarraitzen du, atzo ere garaile irten baitzen Pasaiatik. Bigarren Donostiarra izan zen, eta hirugarren Orio. Hondarribia eta Hibaika lehen postuetatik urrun geratu ziren atzo. Hondarribiarrek egun 124 puntu dituzte, sailkapen orokorrean laugarren postuan daude, hirugarrenetik (Donostiarra) lau puntura hain zuzen. Errenteriarrak, berriz, seigarren postuan daude, 37 punturekin.
Eusko Label ligako lehian ere ez zen albiste onik izan gure taldeentzako. Arraun Lagunakek irabazi zuen atzoko bandera. Oriotarrak izan ziren bigarrenak, eta hirugarren Donostiarrak. Sailkapen orokorrari erreparatuta, Hondarribia hirugarren da (128 punturekin). Atzerago, 33 punturekin, San Pedro dago sailkatuta.