Hondarribia berdez jantziko da asteburuan
Eusko Label, Euskotren eta KAE1 ligako estropadak Hondarribian izango dira asteburu honetan. Lehian izango diren hiru banderen aurkezpena egin zuten atzo.
Hondarribia inoiz baino berdeagoa bihurtuko da asteburu honetan. Hilaren 10 eta 11n Euskotren, Eusko Label eta KAE1 ligek geldialdia egingo dute herrian, eta hori dela-eta, egun osoko arraun festa antolatu dute.
Kirol lehiari dagokionez, larunbatean arratsaldeko 17:25ean Emakumezkoen Euskotren ligako estropadarekin hasiko da arraun jardunaldia. XVI. Txingudiko bandera Balfego Sari Nagusia izango da jokoan. Ondoren, 18:20ean Gizonezkoen Eusko Label ligako lehia hasiko da: XXXVII. Hondarribiko bandera Mapfre Sari Nagusia lortzera irtengo dira kirolariak. Hurrengo egunean (hilak 11), KAE1 ligako gizonezkoen estropadarekin bukatuko da asteburua, arratsaldeko 16:00etik aurrera jokatuko baita Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera.
Arrauna Hondarribian kiroletik eta emaitzetatik harago herritarrak batzen dituen zerbait dela adierazi zuen Joxemi Elduayenek, Hondarribia Arraun Elkarteko presidenteak. Horregatik, goiz goizetik herritar guztiak berdez jantzi eta komunitatean kalera irteteko eta arraunlarien alboan egoteko deia egin zuen aurkezpenean. “Ez duzue imaginatzen zenbat eskertzen duten herritarren gertutasuna. Arraunlariak amateurrak dira, herriko koloreak defendatzeagatik bakarrik daude hor, ez beste ezergatik, eta ziurtatu diezazuket gertutasun hori oso oso barrura heltzen zaiela” esan zuen hunkituta.
Gainera, estropadak bertatik bertara ikustera animatu zituen herritarrak: “Beti diot estropadak telebistatik ikusteko urte guztia dagoela, baina etxeko estropadak debekatuta dago!” esan zuen barrez. Kai muturretik arraunlariak zuzenean animatzeko aukera egongo da eta hondartzako aparkalekuaren bukaeran fan zone eremua ezarriko du TKEk. Bertan egindako Eusko Label produktu freskoak eskainiko dituzte.
Igor Enparan alkateak arraunlariei animoak emateko baliatu zuen aukera eta Elduayenek egin bezala herritarrei arraunlariak animatzera ateratzeko dei egin zien: “Izan gaitezen arraunlari horien hauspoa, atera gaitezen hondartzara eta kai muturrera, herri baten indarra sentitu dezaten”.
Babesleak: Mapfre, Arrantzaleen Kofradia eta Balfego
Mapre multinazionalak hamazazpi urte daramazki gizonezkoen banderaren babesle ofiziala izaten. Hargatik, harro agertu zen Jon Vila enpresako zuzendari komertziala, eta beste hainbat urte gehiagoz horretan aritzeko arrazoiak eman zituen: Arraun elkartearekin, udalarekin eta beste entitateekin duten sintonia ona nabarmendu eta babesletza honen bidez lortzen duten jendearekiko gertutasuna goraipatu zituen. Eta azkenik, kirolak dituen balioekin; hau da, konstantziarekin, esfortzuarekin, talde lanarekin…” bat egiten dutela adierazi zuen.
Ondoren, Norberto Emazabelek, Arrantzaleen Kofradiako lehendakariak hartu zuen hitza. Kofradiak hemezortzi urte luzez babestu du Hondarribiko bandera, eta beste 40 urtez horretan arituko direla ziurtatu zuen.
Balfego babeslearen kasuan kataluniarrak direnez ezin izan zuten aurkezpenera bertaratu. Emakumezkoen bandera babesten duten bigarren aldia da.
Eraso Sexistak ekiditeko telefonoa
Asteburu honetan jende asko bilduko da herrian eta arriskuak ekiditeko indarkeria matxistaren aurkako telefonoa aktibatuko du udalak, “bereziki 10ean” zehaztu zuen alkateak. Herrian, gainera, hainbat kartel ezarriko dituzte egoera desegokirik bizitzen duen emakumerik baldin badago arretarako gune bat eduki dezan. Udalaren helburua babes eremuak sortzea da. Indarkeriaren aurkako telefonoa honakoa da: 688 718 797.
Trafiko aldaketak
Larunbatean bertan Donostiako Klasika txirrindularitza proba Hondarribitik igarok da. Hori dela-eta, bizpahiru orduz herrira sartzeko sarrera itxita egongo da. Hasiera batean 14:30etatik 16:00ak arte errepideak itxita mantentzea aurreikusi dute. Auto ilarak ekiditeko goiz goizetik edo eguerdi partetik herrira heltzea gomendatu dute.
Larunbatean, goiz goizetik datozenek sekulako festaz gozatu ahal izago dute. Goizeko 11:00etan botako dute zuziria eta une hartatik aurrera arraun festak ez du etenik izango. Abiyuan txaranga, Izugarria buruhaundi eta erraldoiak, DJ Kanupi izango dira besteak beste herria alaitzen arituko direnak. Ikus egitaraua:
Larunbata, abuztuak 10
- 11:00: suzirien jaurtiketa.
- 11:00: ABIYUAN fanfarrea hiriko kaleetatik ibiliko da.
- 12:30: IZUGARRIA Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa Hondarribiko kaleak zeharkatuko ditu.
- 12:00 – 14:00: Burrunba Elektrotxaranga San Pedro kalean.
- 16:30: kalejira herrikoia zale guztientzat, San Pedro kaletik estropada-eremuraino.
- 17:25: Eusko Tren Ligako “XVI. Txingudiko Bandera – Balfego Sari Nagusia” estropada
- 18:20: Hondarribiko XXXVIII. Bandera – MAPFRE SARI NAGUSIA (Eusko Label Liga).
- 20:00 – 22:00: Abiyuan fanfarrea Portuan zehar ibiliko da.
- 20:00 – 22:00: SCOOBYBAND ORKESTRA San Pedro kalean.
- 22:00 – 01:00: DJ KANUPIren emanaldia Arrantzale auzoan.
Igandea, abuztuak 11
- 13:00 – 15:00: ABIYUAN fanfarrea Portuan zehar ibiliko da.
- 16:00: Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XVIII. Bandera. (KAE1 Liga).