'Nestor Basteretxea Irunen (1958-1971)' erakusketa ikusteko doako bisitak antolatu dituzte
Erakusketaren komisarioak gidatuko duen lehen bisita gidatua bihar izango da, arratsaldeko 19:00etan, Menchu Gal aretoan. Aurretiazko izen ematea beharrezkoa da.
Uztailaren 23an inauguratu zen Nestor Basteretxea Irunen (1958-1971) erakusketa. Basterretxeak Irunen utzitako aztarna jasotzen duen erakusketa da eta bihartik aurrera erakusketa antolatu duen komisarioaren eskutik [Fernando Galbano da komisarioa] doako bisita gidatua egiteko aukera izango da. 19:00etan hasiko da lehen bisita.
Ostiral honetako bisitaz gain, beste lau antolatu dituzte: irailaren 14an (gaztelaniaz), irailaren 21ean (euskaraz), urriaren 6an (gaztelaniaz) eta urriaren 13an (euskaraz). Ostiralekoak arratsaldeko 19:00etan izango dira eta igandekoak eguerdiko 12:00etan. Guztietan aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.
Hainbat teknika eta estilotako 23 piezez osatutako erakusketa da. Artista bizkaitarrak sortutako pinturak, eskulturak eta zinemarako egindako lanak jasotzen ditu, besteak beste. Aldi berean, Oteizak, Chillidak, Basterretxeak, Ariasek, Mendiburuk, Sistiagak, Balerdik eta Zumetak osatu zuten GAUR taldeko piezak biltzen ditu ere. Erakusketa urriaren 20ra arte egongo da ikusgai.
Menchu Gal aretoko ordutegia honakoa da: abuztuan zein irailean asteartetik larunbatera 18:00etatik 21:00etara, eta igande zein jaiegunetan 11:30etik 13:30era.