'Marraztu Bidasoa 2024' lehiaketako sariak banatu dituzte
Manex Olaskoaga Matiasek eta Oliver Caraballo Ruiz de Arcautek jaso dute Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergoaren saria. Aldi berean, 'Ibai izena duen herrialde bat' deituriko arte digitaleko lehiaketaren edizio berria abiarazi dute.
Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Patzuergoak ‘Marraztu Bidasoa 2024’ marrazki lehiaketako sariak banatu ditu. Gaztetxoak gaur goizean gerturatu dira Ducoureau gaztelura horiek jasotzera eta Nuri Alzagak, Estitxu Urtizbereak eta Itziar Aizpuruk banatu dizkiete.
Maiatzaren 22an Fikoban antolatu zen Kirol Festan egin zituzten marrazkiak. Bertan zeuden haurrei Hondarribia, Irun eta Hendaia lotzen dituen padurak marrazteko eskatu zieten. Emaitza honakoa: 7-9 urte bitarteko kategorian Manex Olaskoaga Matiasek jaso du saria eta 10-12 urte bitartekoan, Oliver Caraballo Ruiz de Arcautek.
Lehiaketara aurkeztutako marrazki guztiak patzuergoaren webgunean izango dira ikusgai, eta aurrerago, eraikinean bertan erakutsiko dituztela aurreratu dute.
‘Ibai izena duen herrialde bat’
Bidasoa Txingudi Mugaz gaindiko Patzuergoak Ibai izena duen herrialde bat deituriko arte digitaleko lehiaketaren edizio berri bat abiatu du. Lanak aurkezteko epea zabaldu berri, azaroaren 18ra arte izango dute parte hartzeko aukera. Lan guztiek mugaz gaindiko paisaiak izan behar dituzte erreferentzia gisa.
Bidasoko Interpretazio Zentroko animazio programaren barruan kokatzen den lehiaketa da honakoa, herritarrek ingurumena eta ondare historikoa babesteko eta balioan jartzeko antolatu zena. Irabazleak 500 euroko saria jasoko du.