Lehen hamarkada beteko du Gira Birak
Hilaren 9an itzuliko da Gira Bira, familiei zuzendutako jaialditxoa. Edizio honetan, magia, zirkua, natura eta Txikimusika izango dira protagonistak.
Familiei zuzendutako Gira Bira programak hamargarren edizioa izango du aurtengoa. Hilaren 9an hasiko da eta edizio honetako gai nagusia magia izango da. Gaur egin dute programazioaren aurkezpena jarduneko alkate Nuria Alzagak, Txikis del Bidasoa elkarteko kideekin batera, Olaketa parkean.
Gira Bira, Irungo parkeetan zehar egiten da eta helburuetako bat hiria hobeto ezagutzea dela gogoratu du Alzagak. Egitarauko ekitaldi bakoitzean, emanaldiak, tailerrak eta pik nik-a uztartzen dituzte, eta aurtengoan magia, zirkua, natura eta txikimusika antolatu dituzte. Gainera, errepikatu egingo dute beste urteetako leloa: Musika, parkeak, ekin!.
Hilaren 9ko eguna Gain Gainean parkean egingo da, 18:00etatik aurrera. Guztira, hiru tailer eskainiko dituzte. Batetik, Armiarma konpainiak zirkumotrizitate gune bat dinamizatuko du. Magia ikasi nahi dutenek, berriz, bi tailer izango dituzte aukerak; bata 5 eta 8 urte bitartekoentzat, eta bestea 9 eta 12 urte bitartekoentzat. Tailer bakoitzean, 20 lagunentzako tokia egongo da eta izen emateak momentuan egingo dira.
Ondoren, 19:30ean hasita, Tor eta Txoborro magokoek magia ikuskizuna eskainiko dute, magia eta antzerkia uztartuz, h ain zuzen ere. Itxuraz ezerk zentzurik ez duen unibertso magiko bat sortuko dute, karta, desagerpen, asmakizun eta gainerako balentrien artean. Eskapismo saio bat ere egingo dute eta publiko arteko norbaitek lebitatu egingo duela aurreratu dute.
Hurrengo hitzorduen xehetasunak aurrerago emango dituzte, baina datak zeintzuk diren jakin daiteke dagoeneko. Hala, zirkua, irailaren 1ean izango da protagonista Alai Txoko parkean, 17:00etatik 20:00etara; natura, aldiz, irailaren 22an Soroxarta parkean, 12:30etatik 16:30etara; eta Txikimusika urriaren 13an egingo da, Mendibil parkean, 12:30etatik 16:30etara.