Fermin Izagirre bake epailea omendu dute
Iraty Elberdin izango da aurrerantzean bake epaile berria. Fermin Izagirreri lekukoa hartu dio Elberdinek.
Azken 29 urteetan Fermin Izagirre izan da Hondarribiko bake epailea. Urte hauetan guztietan egindako “jardun eta arduragatik” omendu dute Udaletxeko Areto Nagusian. Ekitaldian bertan Igor Enparan Alkateak “lan handia eta konpromiso argia” erakutsi duela aitortu zion, eta hori oso eskertzekoa dela adierazi zion.
Duela zenbait hilabete bake epaile berria izendatzeko prozesua abiarazi zuen udalak, helburu argi batekin: “posible bazen” emakume euskalduna eta gaztea izendatu nahi zuten. Hala, Iraty Elberdin izango da aurrerantzean jardun horretan arituko dena. Alkateak, Estitxu Urtizberea, Josu Peña, Aitzol Arroyo eta Tamara Sastre alboan zituelarik, lan egiteko erakutsi duen gogoarengatik eskerrak eman zizkion.