Sagardoa eta sostengua, eskutik
Hondarribiko Sostengu Taldeak bihar arratsalderako antolatu du Sagardo Eguna. Zortzi sagardogileren sagar zuku freskoenak 18:00etatik 21:00etara Madalen plazan izango dira dastagai.
Urtarrilean hasi eta apiril bukaera edo maiatza hasierara arte luzatzen da urtero txotx denboraldia. Tarte horretan sagardo egun mordoa antolatzen dira Euskal Herriko herri txiki zein handietan. Hondarribiko Sagardo Eguna, ordea, epe horretatik kanpo antolatzen du Hondarribiko Sostengu Taldeak, Hondarribiko Udalaren, Muara elkartearen eta Antxeta Irratiaren laguntzarekin. Uda partean, udalerria jendez betetzen denean, bertako zein inguruko herrietako euskaldunak batzen dituen festa antolatzen dute.
Bihar (hilak 27) izango da aurtengo edizioa eta zortzi sagardotegitako zukuak dastatzeko aukera izango da: Bekoerrota (Hondarribia), Altuna (Urnieta), Larregain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Ola (Irun), Oialumezar (Hernani), Petritegi (Astigarraga) eta Zabala (Aduna). Kristalezko botilak freskatu eta Madalen plazan izango dira 18:00etatik 21:00ak arte «edota sagardoa bukatzen den arte», zehaztu du Iñigo Larrazabal antolatzaileak. Sostengu elkarteko kideentzat garrantzitsua izaten da Bidasoko sagardogileak ekartzea. Horregatik, aurten, bi ekarri dituzte.
Egarria baretzeko produktuaz gain, sabelak pintxo beroekin betetzeko aukera eskainiko dute ere bai. Txartelak 10 euroan salduko dira eta kristalezko edalontziarekin batera txorizo egosia edo patata tortilla pintxo bat dastatu ahal izango da. Biak probatu nahi dituenak ere izango du horretarako aukera: pintxoak euro batean salduko dira. Hori guztia prestatzeko, urtero, herriko tabernen eta elkarteen laguntza izaten dute antolatzaileek. Aurten Hondar, Txantxangorri, Rafael, Alkanadre, Yola Berri, Zabala, Gran Sol, Enbata, eta Branka ostalaritza establezimenduen nahiz Olagarro elkartearen sostengua izango dute. Azken honek 60 patata tortilla prestatuko ditu.
Orain arteko edizioetan, sagardo festa hasi baino ordubete lehenago, trikitixa talde batek Portuko kaleak berotzen zituen. Azken urteetan, baina, jendea dantzatzera animatzen ez zela ikusita zerbait berria proposatzea pentsatu zuten antolatzaileek. Aurten, beraz, berritasun gisa, DJ Kolek plaza musika dantzagarriz beteko du 18:00etatik festa bukatzen den arte.
Udalerriko hainbat tokitan egin izan bada ere, harrera ona izaten du egun honek. «Urtero jende dezente hurbiltzen da, gazte dezente. Ez bakarrik Hondarribikoak, baita Lapurdikoak eta nafar batzuk ere», azaldu du Larrazabalek. Aurtengo ediziorako aurreko urteetakoa errepikatu nahi dute.
Harrera elkartea
Hondarribiko Sagardo Eguneko helburu nagusia guztiek jai giroaz gozatzea den arren, bigarren helburu bat ere izaten du: elkarte bati laguntza ematea. Aurten Harrera elkarteari bideratuko diote egun horren bueltan bilduko duten diru guztia.
Kartzelan egondako edo erbestetik etorritako pertsonei laguntza emateaz arduratzen den elkartea da, haien bizitza «duintasunez» eraikitzen laguntzeko. «Adibidez, esparru juridiko-administratiboan, nortasun agiria edo gidabaimena ateratzeko garaian, errolda lortzeko garaian… horrelako gauzetan laguntza eskaintzen diete. Guretzat normalak, ohikoak edo errazak diren gauzak dira, baina preso egondakoei ez zaizkie horren errazak egiten». Osasungintzaren esparruan ere laguntza jasotzen dute, baita asistentzia ekonomikoa edo lana bilatzeko baliabideak ere.
Hondarribiko Sostengu Taldeak, bestalde, urte osoan zehar euskal preso baten ardura du, eta hari sostengua emateaz arduratzen dira, hilabetero laguntza ekonomikoa bideratuz.