117 buelta eman ditu Ainara Aramendiak 2024ko Kutxa Entregan
Atzo arratsaldean ospatu zen Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiaren Kutxa Entrega. Ainara Aramendia izan da aurtengo protagonista.
Arratsaldeko 18:00etan abiatu ziren Hondarribia Hiria Musika bandako kideak Arrantzaleen Hermandadetik. Haien atzetik arrantzale gazteak, egurrezko arraunekin, eta segidan, Santiago eguneko protagonista: Ainara Aramendia, 2024ko Kutxa eramailea. Hondarribiar gazteak soineko zuria eta lore zuriak zituen berde koloreko mantoi bat hautatu zuen egun berezirako.
San Pedro kalea gurutzatu eta Sagarrondoko eta Jasokundeko Andre Maria Elizan sartu ziren. Bertan, joan den urteko arrantzaren datuak irakurri eta Kofradiako paperak sinatu zituzten. Aramendiak 20 kilo inguru dituen kutxa berriro ere buru gainean ezarri eta txalo zaparrada artean jaitsi ziren herrira.
Ibilbidean zehar hunkituta sumatzen zitzaion Aramendiari. Hermandadera heldu eta musikak markatutako denboretan bueltak ematen hasi zen. Gurasoak omendu nahi izan zituen; horregatik, 117 buelta eman zituen guztira, haren aitaren eta amaren urteak batuta ematen duen zifra. Aurtengo arrantza, beraz, oparoa izatea espero dute arrantzaleek.