Bidasoa munduko ibaien mapan jartzen duen proba
Bihar egingo da Bidasoaren Nazioarteko Jaitsiera, eta mundu osoko kirolariak arituko dira lehian. Herritarrek ere parte hartu ahalko dute VI. Jaitsiera Herrikoian.
Badator piragua eta kayak zaleen Euskal Herriko hitzordu garrantzitsuena: Bidasoaren Nazioarteko Jaitsiera. Aurtengoa 57. edizioa izango da, eta Santiagotarrak elkartea sortu zenetik urtero egin den proba bakarra da. Soilik pandemiarekin eten zen. Asturiasko Sella ibaiaren jaitsieraren atariko historikoa izandakoa da Bidasoaren jaitsiera, nahiz eta azken urteetan bi daten hurrenkerak bat ez egin. Aurten hala izango da. Beraz, maila handiko kirolariak espero dituzte, eta atzerritik ere piraguistak etorriko direla aurreratu dute antolatzaileek: Argentinatik, Zeelanda Berritik eta Alemaniatik adibidez.
Azken aldian era honetako probek ez dutela «osasun handirik» adierazi du Ibon Huarte Santiagotarrak-eko kideak. Pistako piraguismoaren probek hartutako norabideetatik kanpo geratu dira ibaien jaitsierak Huarteren ustez. Antolakuntza taldean berria da Huarte, eta proba horrek izan duen «garrantzia» berreskuratzen lanean ari dira. Klubaren proba «esanguratsuena» izan dela oroitarazi du, eta ez bakarrik klubarentzat, Espainiako Estatuan ere inportantea dela nabarmendu du. Asturiasko Sella ibaiaren jaitsierak duen «sona bera» izatera iritsi nahi dute.
Egun, jaitsiera historikoaz gain, herrikoia eta gazteena ere egiten dira. Denak ala denak bata bestearen atzetik. Itsasgora eta itsasbeheraren arabera erabakitzen dute goizez edo arratsaldez egingo den, eta aurtengo edizioa goizez egingo dute. Bihar da aurtengoa, eta hainbat irteera puntu eta ordutegi daude. Izena emateko epea itxita dago.
Izen emateen arabera, 150 eta 200 kirolariren artean gerturatuko dira Bidasoaren Nazioarteko Jaitsieran parte hartzera. Federazioetan lizentzia dutenei begirakoa da proba hori, eta 11:00etan irtengo dira Villanuevatik. Lizentzia duten kadeteak, berriz, San Migeletik irtengo dira ordu berean.
Bestalde, lizentzia ez duten 12 eta 17 urteko gazteek ere parte hartu ahalko dute biharko proban, biko ontzian eta heldu batekin. Bidasoa Txiki izena du lehiak, eta kategoria horretako jaitsieraren laugarren edizioa izango da. Irteera puntua Faisaien Uhartea izango da, 10:30ean.
Azken proba, jaitsiera herrikoia izango da. Aurten seigarren aldiz egingo da eta arrakasta handia duen proba izaten da, ikusle zein parte hartzaileen aldetik. Herrikoiarekin jaitsiko direnak 09:15ean egon beharko dute Santiagotarrak-en, han materiala banatuko baitute. Ondoren, autobusez joango dira San Migel etxera, eta 11:30ean aterako dira bertatik.
Ur bizien sailak, 50 urte
Santiagotarrak da Euskal Herrian ur bizietako saila duen klub bakarra, eta aurten bost hamarkada bete ditu. Elkarteko talderik txikiena dela adierazi du Jone Otaño elkartekideak, ezin delako edonon praktikatu, eta horrek «berezi» egiten duela uste du. Taldea asko handitu dela esan du, baina bere txikitasunean jarraitzen duela.
Bidasoa ibaian entrenatzen dute Euskal Herriko ur bizietako beste klubetako piraguistek. Esate baterako, Maialen Chorraut piraguista handiak bertan hasi zituen bere lehen arraunkadak.
Ospakizun urtea da haiena, eta denboraldia bukatzen dutenean ospatu egingo dute, egun osoko festa batekin. Bazkari bat egiteko asmoa dutela aurreratu ahal izan du Otañok. Ur bizietatik pasa diren kirolari guztiak gonbidatu nahi dituzte, eta denen artean gogoratu bizitakoa, nahiz sailak klubean izan duen garrantzia. Otañorentzat bere «bizitza» da ur bizien atala, eta beste askorentzat ere haien bizitzako parte oso garrantzitsu bat izan dela ziur da. Denboraldiaren bukaerarekin adi egoteko eskatu du. ■