Abuztua jardueraz lepo iritsiko da Oiasso Museora
Abuztuko ostiral, larunbat eta igandetarako plan mordoa prestatu ditu museo erromatarrak iragan erromatarraz gozatzeko.
Abuztuko ostiralak, larunbatak eta igandeak aspergarriak ez izateko, Oiasso Museoak plan mordoa proposatu ditu. Hilabeteko ostiraletan bisita gidatuak egingo dituzte Oiasso Museoko erakusketa iraunkorrean. Bisitariek larruz eta egurrez landutako objektuak, merkataritzarekin eta arrantzarekin lotutako material arkeologikoak edo goi inperioko hiri erromatar baten eguneroko bizitza ezagutuko dituzte. 11:30etik 12:30era bisita euskaraz izango da, eta 12:30etik 13:30era, gaztelaniaz. Bisitak 5,75 euroko prezioa du, eta aurrez erreserbatu behar da 943 63 93 53 telefono zenbakira deituta.
Larunbatetarako bi proposamenekin dator museo erromatarra. Alde batetik, Irugurutzetako meatzetara bisitak egingo dituzte. Ustiategi horiek erromatarren garaian hasi ziren, baina eremu horretan bisita daitezkeen egiturek XX. mendeko meatze jardunarekin dute zerikusia. Bisitak azalpenekin egingo dira, 11:00etatik 12:00etara, eta Irugurutzetako Interpretazio Zentrotik abiatuko dira. Bisitak 5,75 euroko prezioa du, eta erreserba 24 ordu lehenago egin behar da 943 63 93 53 telefono zenbakira deituta.
Bestalde, Oiasso Museoan dagoen Megalitoak erakusketara bisita gidatuak antolatu dituzte. Erakusketa hori aldi baterako iritsi da Irunera Bilboko Arkeologia Museotik. Megalitoak Euskal Herriko monumentu megalitikoei buruz inoiz egin den bildumarik osatuena da. 150 pieza original baino gehiago ditu, eta duela milaka urte eraiki zituzten gizarteetara modu errazean hurbiltzeko aukera ematen dute. 11:30etik 12:30era bisita euskaraz izango da, eta 12:30etik 13:30era, gaztelaniaz. Bisita doakoa da, eta aurrez erreserbatu behar da 943 63 93 53 telefono zenbakira deituta.
Azkenik, TIR aplikazioa baliatuta, bisita gidatu interaktiboa egingo dute Irungo kaleetan barrena Oiassoko aurkikuntza arkeologikoak ezagutzeko. Ibilbidean Xantalen ermitara sartuko dira antzinako nekropoli erromatarra ezagutzeko. 11:00etatik 12:30era bisita euskaraz izango da, eta 12:30etik 14:00etara, gaztelaniaz. Helduentzat bisitak 5,75 euroko prezioa du, eta 5 urte baino gehiagokoek 4 euro ordaindu beharko dituzte. Gainontzeko jardueretan bezalaxe, erreserba egin behar da 943 63 93 53 telefono zenbakira deituta.
Megalitoak erakusketaz gain, aldi baterako beste bat ere badu Oiassok: Emakumeek diote. Erakusketa horrek Meridako balio handiko piezak jaso ditu, eta erromatarren garaiko emakumeen bizitzaren hainbat alderdiren lekukotasuna ematen dute. Bisita doakoa da.