Estatuko Ministeritzari urgentziazko bilera eskatu diote
Hondartzako gunea egoera administratibo "desegokian" dagoen gunea da eta udalak "edozer gauza planteatzerakoan" eragozpenak izaten dituela azaldu dute.
Hondarribiko Udal Gobernua EH Bilduren Madrilgo senatariarekin, Idurre Bidegurenekin, bildu da gaur goizean. Hondarribiko hondartzako guneen arazoa izan dute hizpide eta Madrildik bultza daitezkeen bideak aztertu dituzte.
Bidasoa ibaiaren bokalea kanalizatzeko asmoz hainbat obra burutu ziren 1950 eta 1960. hamarkada artean. Lan horien ondorioz, itsasoari tokia hartu zitzaiola eta kostaldearen morfologia erabat aldatu zela azaldu zuten.
Gune horrek herritarrentzako zerbitzu ezberdinak batzen ditu eta eremu horretan daude ere udal kirol ekipamenduak. Orain artean, udalak 1980an, 1995ean eta 2004an lortutako emakiden bidez kudeatzen zuen eremua. Baina gaur egun, emakida horietako bi iraungita daude eta azkena 2025ean iraungiko da. Egoera administratibo “desegokian” dagoen gunea dela azaldu zuten, eta horren ondorioz udalak “edozer gauza planteatzerakoan” eragozpenak izaten dituela kexatu ziren.
Arazoari aurre egiteko 2023ko maiatzean, Hondarribiko Udalak, aho batez onartu zuen Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministeritzari eskaera bat luzatzea. Eskakizunean, itsas lehorreko jabari publikoa babesteko edo erabiltzeko eremu hauek beharrezkoak ez direla adierazten zen, eta beraz, jabari publiko horiek Hondarribiko Udalari doan lagatzea eskatzen zioten Ministeritzari. Eskakizun hori duela urtebete baino gehiago egin zen, eta oraindik erantzunik jaso ez dutela salatu dute.
Akordioak
Udal Gobernuak komunikabideen bidez jakin zuen EAJk Pedro Sanchez presidente izendatzeko akordioen artean kirol ekipamenduen lurrak udalari dohainik emateko akordioa jasotzen zela. Lurralde ordezkaritzaren esanetan, ordea, oraingoz ez da lanketa hori abiarazi. Egoera ikusita, Hondarribiko Udalaren eta Ministeritzaren arteko bilera bat eskatu dute, gaia argitu, espedientearen egoera ikusi eta udalaren premiak entzuteko.
Igor Enparan alkateak eskerrak eman dizkio senatariari “gurekin lankidetzan aritzeagatik”. Gai garrantzitsua dela iritzi du alkateak eta aipatutako ildoan aurrera egitea “urgentea” dela zehaztu du. Horregatik, udal gobernuko kideek beren esku dagoen guztia egingo dute “orain arteko zerbitzuak mantentzeko eta hobetzeko”.
Duela gutxi, prentsa bidez, gai honen inguruko zenbait mugimendu politikoren berri izan dutela azaldu du azkenik alkateak. “Ez da kasualitatea EAJk galdera sorta bat egitea Ministeritzan gai honen inguruan jakinda gaurko prentsaurrekoa genuela deituta. Iruditzen zaigu Hondarribiko Udala erakunde gisa kontutan hartu behar dea lanketa horretan, eta gu horretarako prest gaude”.