Larunbaterako antolatu dute Sagardo Eguna
Zortzi sagardogile ezarriko dira Madalen plazan: Bekoerrota (Hondarribia), Altuna (Urnieta), Larregain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Ola (Irun), Oialumezar (Hernani), Petritegi (Astigarraga) eta Zabala (Aduna).
Hondarribiko Sustengu Taldeak hilaren 27rako antolatu du Sagardo Eguna, Hondarribiko Udalaren, Muara elkartearen eta Antxeta irratiaren laguntzarekin. Larunbat arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara zortzi sagardogileren zukuak izango dira aukeran: Bekoerrota (Hondarribia), Altuna (Urnieta), Larregain (Hernani), Lizeaga (Astigarraga), Ola (Irun), Oialumezar (Hernani), Petritegi (Astigarraga) eta Zabala (Aduna).
Bertaratzen direnek, 10 euroren truke, sagardoa nahi beste edateko kristalezko edalontzi bat, eta txorizo egosiko edo patata tortillako pintxo bat hartu ahal izango dute. Eta bigarren pintxoa probatu nahi dun orok ere izango du aukera, euro baten truke. Pintxoetarako herriko tabernen laguntza izaten dute antolatzaileek. Aurten Hondar, Txantxangorri, Rafael, Alkanadre, Yola Berri, Zabala, Gran Sol, Enbata, eta Branka ostalaritza establezimenduen nahiz Olagarro elkartearen laguntza izango dute.
Egun honetan jasoko duten diru guztia Harrera elkarteari bideratuko diote.