Galiziatik bueltan haize berrien bila
Galiziako uretan ez dute zorterik izan Orbañanosen mutilek. Asteburu honetan ohorezko txandari eusten ahaleginduko dira. Emakumeek, berriz, zortzi puntu lortu dituzte asteburuan eta Hondarribia B bederatzigarren kokatu da sailkapen orokorrean.
Hilaren 13 eta 14an TKE ligako laugarren jardunaldia burutu zen, Galizian. Larunbatean II. Barbanza Arousa bandera izan zen jokoan eta igandean, XXXIV. Boiroko bandera.
Ribeiran (Galizia) ez ohiko emaitza eskuratu zuen Ama Guadalupekoak. Ontzian aldaketa dezente egin zituen Mikel Orbañanos entrenatzaileak eta hamargarren posturaino jaitsi ziren. Lehen ziabogan zortzi segundoko aldea ateratzen zien probaren lidertzan zihoan Zierbenak eta ziabogaz ziaboga tartea handiagotzen joan zen.
Igandean, beraz, lehenengo txandatik abiatu behar izan zuten. Txanda hasi eta buka menderatu zuten. Hurrengo sailkatuari, San Pedrori, hogeita hamar segundoko tartea atera zioten. Bigarren txanda hasi orduko haizea nabarmen altxa zen eta bertan aritu ziren zenbait ontzi, Getaria edo Lekittarra esaterako, sailkapeneko azken postuetan kokatu ziren. Haizea Hondarribiarren alde izan zitekeela bazirudien arren, hirugarren txandarako jaitsi egin zen. Hirugarren ziabogaraino bizirik mentendu zen Hondarribia eta bandera irabazteko aukera izan zuen. Azken txanpan, ordea, Urdaibaik, Donostiarrak eta Zierbenak aurrea hartu zioten. Azkenean, laugarren izan zen Hondarribia.
Asteburu honetan ohorezko txandari eusten saiatuko dira Orbañanosen arraunlariak. Une honetanDonostiarra puntu bakar batera dute eta igandean orain arteko estropadarik onena egin zuten hiriburuko arraunlariek. Ikus bi egunetako emaitzak hemen.
Emakumeek bi egunetan beren txanda irabazi eta bosgarren egin zuten. Orotara zortzi puntu bildu zituzten. Txanda bereko ontziei tartea ateratzen jarraitzen dute: Hibaikari hamabi puntuko aldea ateratzen diote, Cabori hamabost eta Tirani hogeita bi. Beren helburua beteta pozik itzuli ziren etxera. Bi egunetako emaitzak.
Hondarribia Bko mutilek emaitza ona eskuratu zuten Pedreñan. Zortzigarren izan ziren eta horrek Deustu eta Camargori aurrea hartzea ahalbidetu zien. Une honetan bederatzigarren dira sailkapen orokorrean. Ikus estropadako emaitza.