Euskal Jira, egun bat baino gehiago
Abuztuaren 2tik 4ra egingo da 44. edizioa izango den Euskal Jira. Desfileaz gain, dantzaldiak eta musika antolatu dituzte.
Abuztuaren 2an, 3an eta 4an egingo da aurtengo 44. Euskal Jira. Ekaitz guztiei aurre egin behar izan diete aurtengoa aurrera atera ahal izateko. Izan ere, bestaren bideragarritasun ekonomikoa txosnen pean dago, baina iaz euria egin zuenez, ez zuten sosik atera.
Dena den, aurre egin diote beherakadari eta ilusioz agertu dira gaurko aurkezpenean Iñaki Olaizola Euskal Jirako presidentea eta Amaia Lera batzordeko kidea, Nuria Alzaga Kultura ordezkariarekin eta Cristina Laborda alkatearekin batera.
Dagoeneko “klasiko” bat den festa dela adierazi du Labordak eta antolatzaileen lana goraipatu du “euskal kulturaren alde” egiten duten lanagatik. Irunen ez ezik, inguruko herrietan ere sona hartu duela baieztatu du Labordak. Olaizolaren arabera, udala “garrantzitsua” da Euskal Jiraren antolakuntzarako, “baina garrantzitsuagoa da jakitea atzean hiri oso bat dagoela”.
Gainera, aurtengo edizioa berezia da. 1979an Euskal Jira berreskuratu zenetik antolakuntza lanetan aritutako Manueltxo Kerejeta eta Jexux Mari Gelbenzu zendu baitira. “Bizi osoa eskaini zioten Euskal Jirari” nabarmendu du batzordearen presidenteak.
Hiru egunetako Euskal Jira da gaur egun, eta apustu hori berretsi du Alzagak. Hartara, hiru egunetan parte hartzeko deia egin dute aurkezpeneko guztiek. Programazioan txertatu beharreko hurrengo erronka, herri bazkaria litzateke. Oraingoan “baliabide ekonomiko faltagatik” ez dute antolatu Lerak azaldu duenez. Alzagaren ustez, herri bazkaria “plus bat” litzateke.
Aurtengoan bederatzi gurdi irtengo dira abuztuaren 3ko desfilean: Euskal Jira, Hendaia, irungo Euskal Kirolak, Behobia, Meaka, Kemen, Santiago, Landetxa eta Foro XXI. Euskal jaiak edota jirak Euskal Herri osoan zehar egiten dira, baina Irungoaren berezitasuna da talde bakoitzak bere gurdiak eraikitzen dituela.
Abuztuak 2, ostirala:
- 17.45ean: Irungo Atsegiñako erraldoien desfilea, San Juan plazatik Urdanibia plazara.
- 18.00etan: Urdanibia plazako txosnaren irekiera (edariak+taloak).
- 18.30ean: Haur-jolasak eta gaztelu puzgarriak Urdanibia plazan.
- 19.00etatik- 20.00etara: Kantu-jira San Juan plaza eta Urdanibia plaza inguruan.
- 20.30ean: Burrunba elektrotxarangaren kontzertua Urdanibia plazan.
Abuztuak 3, larunbata:
(Egun guztian zehar, XVI. Irungo Euskal Jira argazki-lehiaketa)
- 09.00etan: Txalaparta San Juan plazan eta Urdanibia plazan.
- 10.00etan: Urdanibia plazako txosnaren irekiera (txistorra, sardinak, taloak, edariak…).
- 10.00etan: Eskulanen eta bertako produktuen erakusketa eta salmenta Urdanibia plazan.
- 10.00etatik – 14.00etara: Gaztelu puzgarriak Urdanibia plazan.
- 11.00etan: Hiriko auzoetako dantza- eta musika-taldeen emanaldia.
- 11.00etan: Bertsolariak + Bertso-Triki-Poteoa Urdanibia plazan.
- 11.30ean: Dantzak eta musika oholtza gainean.
- 12.00etan: Kantuz kantu Urdanibia plazako tabernetan barrena, Kantuz Lagunak taldearen eskutik
- 12.00etan: Gurdi parte-hartzaileen erakusketa Urdanibia plazan.
- 12.45ean: Bertsolariak Urdanibia plazako oholtza gainean: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi…
- 13.15ean: Dantzak eta musika Urdanibia plazako oholtza gainean.
- 14.00etan: Desfilean parte hartuko duten musikari eta dantzarientzako bazkaria Irungo La Salle, Irungo Atsegiña eta Irungo Euskal Kirolak elkarteetan.
- 17.00etatik 20.00etan: Urdanibia plazako txosnaren irekiera (txistorra, sardinak, taloak, edariak…).
- 18.00etan: Euskal Jira. Ibilbidea: Mendelu, Hondarribia kalea, Kolon pasealekua, Jenaro Etxeandia, Foruen kalea, Kale Nagusia, San Juan, San Martzial eta Urdanibia plaza.
- 19.45ean: Agur jaunak eta Gernikako Arbola, Irun eta Hondarribiko txistulariekin eta Irun Hiria Musika Bandarekin
- 20.30ean: «Dantza Jira Erromeria» Urdanibia plazan, Kemen Dantza Taldearen eskutik.
- 22.00etan: Bide Batez taldearen dantzaldia Urdanibia plazan.
Abuztuak 4, igandea:
- 11.30ean: Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa.