Uda Jolaseko begiraleek UEMAren trebakuntza jaso dute
Uda Jolas 5 eta 11 urte arteko haurrei begirakoa da eta urtero antolatzen du udalak.
Martxan da urtero, uztailarekin batera Hondarribiko Udalak antolatzen duen Uda Jolas programa. Gazteria Sailaren eskutik heltzen da urtero 5 eta 11 urte arteko haurrei begirako programa, eta denera, 280 haur eta gaztetxo aritzen dira horren bueltan. Hilabete osoan ariko dira, 30era arte 09:30eti 13:30era, astelehenetik ostiralera, Bordari ikastetxean.
Berezitasunik izan du, baina, aurten. Hondarribia UEMAko kide dela baliatuta, Uda Jolas programan ari diren begiraleek trebakuntza saioak jaso dituzte Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskutik. Besteak beste, euskara ez dakiten haur eta gaztetxoekin, edota erabiltzen ez dutenekin nola jokatu behar duten landu dute saio horietan.