San Pedro eguneko egitarauaren berri eman du udalak
8:00etan hasiko da eguna, eta 12:30ean izango da azken ekitaldia, Junkaleko plazatxoan. Udalbatzak Aurreskua dantzatuko du bertan.
Irungo Udaleko Kultura arloak datorren larunbatean, ekainak 29, San Pedro eguna dela eta izango diren jardueren berri eman du.
Goizeko zortzietan emango diote hasiera egunari, Irun Hiria Musika Bandaren San Pedroko Dianak eta Jostailu Dultzaineroek Diana jotzen hasten direnean hiriko auzoetan barrena.
Gero, 10:45ean Udalbatza jarraigoan irtengo da San Juan plazatik Junkaleko Andre Mariaren Elizara joateko. Haiekin Txistulari Taldea, Irun Hiria Musika Banda eta Irungo Atsegina elkarteko erraldoiak joango dira.
11:00etan, bestalde, Meza Nagusia izango da elizan. Parrokiako abesbatzak Eslavaren ‘Tu Es Petrus’ interpretatuko du hiriko abesbatza batzuekin.
Ondoren, 12:00etan, Junkaleko plazatxoan Aurreskua dantzatuko du Udalbatzak, eta, goiza, 12:30ean amaituko da San Juan plazako arkupetan; bertan, San Pedroko kontzertu tradizionala eskainiko du Irun Hiria Musika Bandak.