Koloretako txapelek, gorrien lekua hartuko dute harro
Gaurko egun batez, baina iaz egin zuen lehen agerraldia Lumak Haize elkarteak. Aurten ere kalera irtengo dira, eguna txapel koloredunena ere badela aldarri.
Urtebete pasatu da Lumak Haize Irungo Harrotasun Kritikoa taldea sortu zenetik. 2023ko ekainaren 28an jaio zen, harrotasuna ez dagoela «salgai» aldarrikatzeko eta LGTBI+ pertsonen bizitzak hobetzeko politikak galdegiteko. Gelditzeko etorri zirela ozen esan zuten, eta urtebeteren ondoren balantze mamitsua egiten ari dira Lumak Haizeko kideak. «Zineforumak, perreoak, Moskuko Jaiak, bisexualitate tailerrak, eta Zipristina Mafiaren podcastak egin ditugu», zerrendatu ditu Mario Hernandezek.
Urte luzetan Kantineren Egunak hartu izan du ekainaren 28ko protagonismo nagusia Irunen, baina, aurten ere hilaren 28a haiena egingo dute, abanikoak astintzen eta gorputz disidenteak karrikak bere egiten izango dira. «Ekainaren 28an ikusiko dugu elkar, eta ez ekainaren 27an edota uztailaren 2an», aldarri du Iker Monterok. Arratsalderako programazioa da gaurko ondu dutena. Martxa batekin hasiko dute harrotasun erakustaldia, 18:30ean. Santiagoko Auzo Elkartetik abiatuko dira Iparralde hiribiderantz. Bertatik Kolon pasealekura iritsiko dira, eta azkenik, Urdanibia plazara jaitsiko dira. «Maitiak, lehenagotik etorri, 18:30ean aterako garelako», zehaztu du Garazi La Fantasyk. Aurten ere koloretako txapelak eramateko eskatu dute.
Moskura iristen direnean manifestuaren irakurketa egingo dute, 19:30ak inguruan. Beste urte batez Stonewallen 1969an hasitako borroka izango dute gogoan eta «genealogia queer» guztia gogoan izango dutela azaldu du Hernandezek. «Ez ditugu ahaztuko Irundik sexiliatu behar izan dutenak, bizitza libreago bat izateko», zehaztu dute Lumak Haizeko kideek, eta haien elkartea borroka askoren etxe izatea nahi dutela zehaztu dute.
Urte bat hiria margotzen
Erakunde guztiek identitate guztiak aitortzea eta kolektiboaren borroka historikoa aitortzea eskatu dute. Iaz, Irungo Udalak lehen aldiz kaleratu zuen hilaren 28aren bueltako adierazpen instituzionala, eta, aurten, alkate aldaketa egon bada ere, udalak «ohitura txarrekin» segitzen duela deitoratu dute, «pasibotasun politikoarekin». Salatu dute Irungo Udalaren programazioaren barruan koloretako aparraren festa dela harrotasunaren eguneko jarduera nagusi eta bakarra. «Zuriketa arrosarekin itxi nahi dute guk egunero borrokatu behar dugun indarkeria», adierazi dute. Zentzu horretan, pasa den hilaren 18an Irunen izan zen eraso matxista eta transfobikoa gogorarazi eta salatu dute. «Udalak ohar motz baten bidez gaitzetsi ditu gertakariak, eta beste behin, hitzetan geratu da esandakoa», deitoratu dute.
Neurri zehatzak eskatu dituzte LGBTI+ kolektiboko pertsonen eskubideak «bermatzeko». Irunen gertatzen diren LGTBfobia kasuen eta biolentzia estrukturalen diagnostiko konkretu bat egitea nahi dute. Halaber, behatoki bat izateko garaia dela iritzi dute.
Gaurko manifestuaren irakurketa brindis batekin bukatuko dute, badagoelako zer ospatu: urtebete saretzen. Ondoren, Peña kaleko eskaileretan familia argazkia aterako dute, iaz hasitako bideari jarraiki. Iluntzean, musika pintxada trabestia egingo dute Hazia Kultur Elkartean, 22:30etik aurrera.
Txapel gorriekin batera, gainontzeko koloretako txapelak izango dira gaur gaueko argindarra. ■
• Manifestazioa. Santiagoko Auzo Elkartetik irtengo dira 18:30ean. Iparralde hiribidera joko dute, bertatik Kolon pasealekura, eta Moskun bukatuko dute.
• Manifestuaren irakurketa. Manifestazioaren bukaeran manifestua irakurriko dute. Gutxi gorabehera 19:30ean.
• Brindisa. Lumak Haizeren urteurrena ospatzeko brindisa, 19:30ean.
• Familia argazkia. Talde argazkia aterako dute Peña kaleko eskaileretan. Manifestua irakurritakoan izango da.
• Musika pintxada trabestia. Hazia Kultur Elkartean musika jartzen arituko dira, 22:30ean.