Fernando Bolea Bidasoako jokalari eta entrenatzaile ohia zendu da
1995ean Europako Kopa eta liga irabazi zituen, Bidasoaren urrezko garaian. 2012an, entrenatzaile gisa itzuli zen Irunera, eta bi igoera lortu zituen Asobal Ligara.
Atzo Fernando Bolea Alonso zendu zen, Bidasoa Irunen jokalari eta entrenatzaile historikoa. 59 urterekin zendu da, endekapenezko gaixotasun batek jota. Boleak “arrakasta ugari” lortu zituen Irunen, eta “horietako asko” Bidasoaren historiari lotuta geratu direla nabarmendu du klubak.
Bolea 1990ean iritsi zen Artalekura Valladolidetik, eta, besteak beste, Elgorriaga Bidasoarekin Europako Kopako eta ligako txapeldun izan zen 1995ean. Horrez gain, Bidasoako jokalari zela, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte, eta diploma olinpikoa lortu zuen, Espainiako selekzioa bosgarren postuan sailkatu baitzen. 1995ean utzi zuen klub irundarra, Vigoko (Galizia) Octavio taldera joan baitzen. 2003an erretiratu zen, bere jaioterriko Garbel Zaragoza taldean.
Behin erretiratuta, Boleak ez zuen eskubaloia alde batera utzi, eta aulkietara egin zuen jauzi. Zaragozako taldean hasi zen prestatzaile gisa. Bidasoa Irunen “urrezko garaian” jokalari bezala protagonista izan ondoren, 2012an itzuli zen Irunera entrenatzaile gisa, eta bi igoera lortu zituen Asobal Ligara, elitera, azkena 2016an. Bidasoakoa izan zen bere azken esperientzia aulkietan.
Bidasoa Irunek dolumin “zintzoena” helarazi die Bolearen familiari, hurbilekoei eta familia bidasoarrari. Artalekun jaso zituen omenaldiak “inoiz nahikoak izan ez zirela” adierazi du klubak. “Fernando, gure historiaren parte zara eta zure izena Bidasoari lotuta egongo da beti. Goian bego”.