Printzipio kooperatiboak saritu ditu BDSKoop-ek
Lau saridunak Batera Aske, Dejabu Konpainia, Maïa Permaculture eta Magma Mia Kooperatiba Elkarte Txikiak izan dira.
BidasoaKoop Elkarteak ‘Kooperatuz’, printzipio kooperatiboei sari banaketa egin dute. Iaz jarri zuten martxan egitasmoa, eta berrikuntza batzuekin egin dute aurtengoa. Izan ere, iaz, Bidasoari begira egin zuten sari banaketa, baina, aurten, Gipuzkoa osora zabaldu dute saria. Hala ere, aurtengo kurtsoan eratutako kooperatiba eta lan sozietateak eman nahi zituzten ezagutzera, eta, horiekin batera, euren printzipio eta lanak balioan jarri.
Datuei erreparatuz, BDSKoopeko kideek aipatu dute Gipuzkoan 800 kooperatiba eta 14.000 Elkarte Mugatu daudela, eta horrek ematen duela zer pentsatua.
Aurtegoan beste aldaketa bat ere egin dute, alor bakoitzean bi irabazle jarri baitituzte. “Kalitate altuko enpresak dira, eta bata eta bestearen artean ezberdintasuna oso txikia denez, lauak saritzea erabaki dugu”, azaldu dute.
Batetik, sarrera librea eta borondatezkoa, kudeaketa demokratikoa, parte hartze ekonomikoa eta autonomia eta independentzia printzipio kooperatiboei erantzunez, Batera Aske eta Dejabu Konpainia Kooperatiba Elkarte Txikiak saritu dituzte.
Eta, bestetik, hezkuntza, informazioa eta prestakuntza, komunitatearekiko interesa eta kooperatiben arteko lankidetza balio kooperatiboei erantzunez, Maïa Permaculture eta Magma Mia Kooperatiba Elkarte Txikiak izan dira sarituak.
Aurreratu dutenez, datorren urtean ere egingo dute sari banaketa, baina “agian” beste aldaketa batzuekin. Honela amaitu dute hitzartzea: “Benetan uste dugu ekonomia sozialak mundu hobe bat sortu ahal duela. Gainera, gure balioetatik bilatzen dugu krisi klimatikoari edo krisi demografikoari alternatibak bilatzea. Hori da gure ustez garapenaren ideia: garapena ez da hazkunde hutsa, baizik eta gure beharren asetzea”.