Aterpe klimatikoen mapa sortu dute Irunen beroaldiei aurre egiteko
Muturreko fenomeno meteorologikoetatik babesteko lekuak eskainiko dituzte. Bereziki, adinekoak, haurrak eta etxegabeak babestu nahi dituzte.
Krisi klimatikoa dela eta, beroaldien maiztasun eta intentsitatea gero eta handiagoa izango da; ondorioz, Irungo Udaleko Hirigintzako eta Garapen Jasangarriko arloak aterpe klimatikoen mapa bat sortu du.
Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak, agerraldian, mapa berriaren garrantzia nabarmendu du: “Udala jakitun da udan gero eta egoera zailagoak sortzen ari direla, krisi klimatikoaren ondorioz beroaldiak gero eta larriagoak baitira”.
Eta hori da, hain zuzen, aterpeen helburua; ondorio hori arintzea eta irundarrei hirian udako muturreko fenomeno meteorologikoetatik babesteko lekuak eskaintzea. Bereziki, beren egoera sozioekonomikoagatik, beren osasun egoeragatik edo beren adinagatik tenperatura altuen ondorioak gehien pairatzen dituzten pertsonak babestu nahi ditu udalak: adinekoak, haurrak eta etxegabeak.
Udalak, bere ustez, aterpe klimatikotzat hartua izateko baldintzak betetzen dituen kanpoaldeko zein barnealdeko ekipamendu publikoa jarri du proiekturako, eta baldintza horiek betetzen dituzten titulartasun pribatuko leku eta eraikinekin sortu dute aterpe klimatikoen sarea:
- Barrualdean: Carlos Blanco Aguinaga udal liburutegiak, Palmera-Montero Guneak, Mendibil merkataritza guneak, Azken Portu udal kiroldegiak, Artaleku udal kiroldegiak (harrera gunea), Bidasoa bizirik-ek, Belaskoenea Lehen Hezkuntzako ikastetxeak, Lekaenea-Anaka Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak eta Eguzkitza Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak.
- Kanpoaldean: Sarjia parkeak, Soroxarta parkeak, Belartzako parkeak, Behobiako parkeak, Beko Errota parkeak, Ibarlako parkeak, Txoko Alai parkeak, Julián Sánchez parkeak, Ama Xantalen egoitzako lorategiek, Kateko frontoiak eta parkeak eta Ugalde-Kateko kirol instalazioek.