Hondarribiarrek ere bat egin dute Bertatik Bertara kanpainarekin
UEMAren udako kanpaina da Bertatik Bertara, bisitariei, zerbitzu sektoreko langileei eta herritarrei euskararen garrantzia ezagutarazteko.
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak martxan jarri du udako Bertatik Bertara kanpaina, eta, Hondarribia komunitate horren parte denez, kanpainaren parte izango da. Zehazki, kanpainaren helburua bisitariei, zerbitzu sektoreko langileei eta herritarrei euskarak duen garrantzia ikusaraztea da.
Kanpainan parte hartuko duten taberna eta jatetxeetan kanpainaren irudia eta hiztegia duen mahai gainekoak eman zaizkie, baita euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegi fisikoak edota kanpainaren kartelak ere -karteletan dagoen QR kodea eskaneatuta, euskaraz aritzeko hiztegi digitala dago eskuragarri, gaztelerara, katalanera, galizierara, frantsesera edo ingelesera itzulia-. Gainera, UEMAk, lehen aldiz, turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituen ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu.
Garoa Lekuona Euskara zinegotziak adierazi duenez, Hondarribian, kanpaina honekin Alde Zaharreko, Portua auzoko eta Kirol Portuako hamabi tabernek egingo dute bat. Lekuona: “Lehen aldia izanik, 10 – 15 parte hartzaileren helburua ezarri zen, eta lortutako erantzunarekin oso pozik gaude. Kanpainan parte hartzeko tabernen kartetan euskarak ere presentzia izateko baldintza ezarri zen, eta oso positiboa da euskaraz ez zuten horien aldetik jasotako jarrera”.
Hauek dira kanpainan parte hartuko duten taberna edo jatetxeak: El Curry Verde, Basque Taberna, Casa Santamaria, Tatapas, Larra, Batzokia jatetxea, Txantxangorri, Branka, Gran Sol, Ondarribi, Hondar eta Ortzadar.