Eguzkitzaldea eta Errotazar kaleen azterlanak egitea eskatu du EAJk
Kreditu aldaketetan EAJk egindako bi proposamen onartu ditu udal gobernuak, Auzo Elkarteekin hitz egin ondoren.
Maiatzeko kreditu aldaketetan EAJk bi zuzenketa proposatu zituen auzoei buruzkoak, biak ala biak “Auzo Elkarteetatik datozen bideak kontuan harturik”, zehaztu dutenez.
Batetik, Eguzkitzaldea kalean trafikoa antolatzeko azterlan bat egiteko 100.000 euroko aurrekontua da udal gobernuak onartu duena. Eguzkitza inguruan oinezko kopuru handia dagoela medio, eta ondoan ikastetxe bat dagoela aintzat harturik, inguruko trafikoa berrantolatzeko azterlan bat egitea eskatu dute. Segurtasun eta bizikidetza kontu honek “kezkatu” egiten die jeltzaleei eta eremu hau “atseginagoa” bilakatuz, oinezkoen erabilerarako gehiago aprobetxatuko dela diote. “Azken batean, lekua auzoarentzat, ikasleentzat eta gazteentzat seguruagoa izatea da gure nahia” esan dute.
Bestetik, Errotazarreko goialdeko auzotarrek helarazitakoa da. Bertako bizilagun gehienak adinekoak direla mahai gaineratu dute eta etxebizitzetara iristeko zailtasunak izaten dituztela azaldu dute. Zehaztu dutenez, arrapala trinko batetik sartu behar den goiko aldean dituzte etxebizitzak eta beraien egunerokotasuna “guztiz zailtzen” duela salatu dute. EAJk aurkeztutako zuzenketak inguru horretako azterlan bat egitea jasotzen du eta 25.000 eurokoa da.
Alderdi jeltzaleak adierazi du Irun eta irundarren “bizitza hobetzeko”, albo batera utzi behar direla “jarrera itxiak, eta aniztasunera eta tolerantziara” jo behar dela. “Gure taldeak beti defendatu du guztion arteko puntu komunak aurkitzeko aukera, eta guk bide berean jarraituko dugu”, bukatu dute.