Talde turistikoak mugatzeko proposamena aurkeztuko du Abotsanitzek
Ostegun honetan izango da ekaineko osoko bilkura. Bertan, bizi kalitate "duin eta atsegin" bat izateko espazio publikoaren ordenantza sortzea eta talde turistikoei 25 pertsonako muga ezartzea eskatuko dute.

Ostegun honetan, 18:00etan, udalbatza biltzera deitu du udalak, eta bilkura horretarako proposamen bat prestatu du Abotsanitzek: espazio publikoaren ordenantza sortzea eta talde turistikoei 25 pertsonako muga ezartzea.
Udal taldearen oinarrian egunerokotasuna “normaltasunez” bizitzea eta bizi kalitate “duin eta atsegin” bat izatea dago, eta zentzu berean doa amesten eta sinesten duten hiri eredua. Udako solstizioa igaro berri den arren, asteak dira Hondarribiak turista talde handiak jasotzen dituela, “nagusiki Alde zaharra eta Portua auzoetan ikusi izan ditugu berrogeitik gorako turista taldeak”. Honakoa aurreko udal agintariek “bilatutako hiri eredua” -ren ondorioa dela eta, egun, eredua “gainezka” egiten dagoela uste du taldeak. “Hondarribia herri polit gisa saldu da, eta horrek bizikidetza ezbaian jarri du”, esan dute.
Masifikazio horren ondorioz honako albo kalte hauek identifikatu dituzte: “Kaleetatik ezin pasa turistak saihestuaz, bakoitzaren portalera ezin sartzea edota masifikazio hauek eragindako ilarak kaleen arteko pasabidea oztopatuz”. Udaletxe barnera ere sartzen direla gehitu dute, eta bertan, “beren etxeetan egongo balira bezala” ibiltzen direla adierazi dute, “inongo begirunerik gabe”.
Abotsanitzek eskatutako proposamena onartuko balitz Hondarribia ez litzateke turismoari mugak jarriko lizkiokeen lehen udalerria izango; izan ere, udal taldeak Donostia hartu du erreferentzia gisa. Hiriburua izan da, oraingoz, turismoari mugak ezarri dizkion hiri bakarra. 2023ko azaroan, jarduera turistikoetan kutsadura akustikoa mugatu zuen —megafono eta bozgorailuen erabilera— eta aurtengo martxoan bisitari taldeek gehienez 25 pertsonetara mugatu behar dutela onartu zuten. Neurria apirilaren 10ean sartu zen indarrean.