Polinizatzaileen Jolasa, Lapurriturriko Informazio Puntuaren eskutik
Jarduera uztailaren 14an izango da, 11:00etatik 12:30etara. Izen ematea uztailaren 10era arte egin beharko da telefonoz edo telematikoki.
Aiako Harria Parke Naturalean dagoen Lapurriturriko Informazio Puntuak ‘Polinizatzaileen Jolasa’ jarduera eskainiko du Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak sustatuta. Ekintza horrek bertaratzen direnei Lapurrriturritik gertu dauden bideen ertzetan aurki daitezkeen izaki bizidunak ezagutzeko aukera emango die. Polinizatzaileen garrantzia ere nabarmenduko dute.
Oinezko bidean zehar hainbat jarduera egingo dituzte ibiltariek: izaki bizidunen irudiak eta izenak elkarlotzea, animalia bakoitza bere habitatean kokatzea, erle eta liztor motak bereiztea… Ibilbidearen amaieran jolas dinamiko baten bidez ikasitako guztia errepasatuko dute.
Jarduera hori uztailaren 14an izango da, 11:00etatik 12:30etara, eta bereziki 6 eta 10 urte arteko haurrak dituzten familiei dago zuzenduta. Izen ematea ekainaren 28tik uztailaren 10era egin beharko da 010 telefonora deituta edo webgune honen bidez.
Antolatzaileek mendian ibiltzeko arropa, oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramateko gomendioa eman dute.
Udan ere, zabalik
Lapurriturriko informazio puntua zabalik dago urriaren 31 arte (asteburu, jai egun eta zubiak barne), 9:30etatik 13:30etara, eta urriko azken egunera arte ekintza ezberdinak antolatuko dituzte inguruaren balio historiko, kultural eta naturalak ezagutarazteko.