Hondarribiko Udala, harro
Hilaren 28an da LGTBI+ kolektiboaren, sexu askapenaren eta harrotasunaren aldeko nazioarteko eguna. Haren harira udalak adierazpen instituzionala helarazi du.
Udalbatza osatzen duten alderdi guztien aldeko bozkarekin (Abotsanitz, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu), aho batez onartu dute LGTBI+ kolektiboaren, sexu askapenaren eta harrotasunaren aldeko nazioarteko egunaren inguruko adierazpena.
Hondarribiko Udala “harro” agertu da LGTBI+ mugimenduaz, beren bizitzez, genealogiaz eta baita kolektiboak egindako eskubide eta askatasunak lortzeko egindako ibilbideaz eta borrokaz ere. Harro agertu dira, bereziki, giza eskubideen eta eskubide sozialen arloan izan duten “dedikazioari, konpromisoari eta ausardiari esker, gaur lorpen garrantzitsuak ospa ditzakegulako”.
Hondarribiko Udalaren ustez pertsona horiek “funtsezko zutabe” dira gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko, eta, egiten duten lanari esker, “ingurune inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzen” laguntzen dute.
Hala ere, 1969ko Stonewall-eko matxinadatik —Estatu Batuetako historian lehen aldia LGBT+ komunitatea atzetik zuen sistema baten aurka borrokatu zena— berdintasunerako aurrerapenak egin diren arren, gaur egun, oraindik ere, mundu mailan ez ezik, euskal gizartean ere, gorroto diskurtsoak eta LGTBI+ fobikoak zabaltzen ari dira. Eta horregatik, hilaren 28a bezalako egunak “benetako berdintasuna lortzeko dugun lana gogoratzeko” eguna ere badela oroitarazi dute.
“Funtsezkoa da jendarte gisa erne eta tinko egotea eskuratutako eskubideen defentsaren alde; hala, Hondarribiko udaletik sexu eta genero aniztasunarekiko duintasuna eta errespetua kaltetzeko edozein ahalegin baztertu eta irmoki arbuiatzen dugu” esan dute eta inolako atzerapausorik onartuko ez dutela erantsi dute.
Aldi berean, LGTBI+ kolektiboaren eskaera eta beharrei erantzuna emateko, politika eta zerbitzu publiko integral, sendo eta feministak habian jartzea ezinbestekoa dela adierazi dute, eta horiek burutzeko konpromisoa berretsi dute.
Egitasmoak
Datozen egunetan leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatzera eta udalaren laguntzarekin antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko deia egin du udalak: Gaur arratsaldean Hiruki Larroxak hitzaldi-tailerra emango du, 18:30ean hasita, Kultur Etxean, eta hilaren 28an, 17:00etatik aurrera, Puntalako Gaztelekuan LGTBI+ eguna ospatuko dute. Horiez gain, hainbat LGTBI+ kolektibok deitutako elkarretaratze eta mobilizazioetan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Irakur adierazpen instituzionala osoki hemen.