Udan Gogoz programa, seigarrenez martxan
Irunen bizi diren 60 urtetik gorako pertsonei begirako udako jarduerak eskaintzen ditu udalak. Aurten ikuspegi zabalagoa izango du programak, jarduerak adinekoen espazioetatik kanpo egingo baitira.

Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko arloak martxan du seigarrenez Udan Gogoz programa. Egitasmo horren xedea udako jarduera berritzaileak eskaintzea dela adierazi du Nuria Alzaga udal ordezkariak. Udan Gogoz 2018an sortu zen 60 urtetik gorako pertsonei udan jarduerak eskaintzeko, urtaro horretan moteldu egiten baita adinekoen elkarteen eta beste tailer batzuen erritmoa.
Udan Gogoz programaren baitako jarduerak Irunen bizi diren 60 urtetik gorako pertsonei begirakoak dira, den-denak doan. Hauexek dira, besteak beste, egitasmoa abiatzeko helburuak: nahi ez den bakardadea prebenitzea, jarduera fisikoa eta garapen kognitiboa sustatzea, eta gaitasun eta esperientzia berriak aztertzea hazkunde pertsonalerako eta komunitate bizitza izan dezaten.
Aurten, gainera, programari “ikuspegi irekiago” bat eman nahi zaiola nabarmendu du Alzagak, eta jarduerak adinekoen espazioetatik kanpo gauzatuko dira. Ikuspegi horren xedea da naturarekin eta animaliekin kontaktuan egotea eta beste hiri eta ingurune batzuk bisitatzea. “Sentsazioak” ere aztertu edo esperimentatu nahi dituztela jakinarazi du Alzagak, kalera irten eta adineko pertsona aktibo gisa ager daitezen.
Jarduera sortari dagokionean, horietako bat adinekoen zentroetatik hurbil dauden espazio irekietan egingo da. Irungo auzoetako parke eta aire zabaleko guneetan ere izango dira parte hartzaileak. Azkenik, kultura irteerak egingo dituzte, eta Zumaiako flyscha, Trenbidearen Euskal Museoa edo Arabako Errioxa bisitatuko dituzte. Hona hemen jarduera guztien egutegia:
Kultura irteerak
Uztailean eta abuztuan interes kulturala duten lekuetara txangoak egingo dituzte. Irteerak autobusean egingo dituzte, eta izena adinekoentzako espazioetan eman ahal izango dela adierazi du Alzagak, astelehenetik larunbatera, 16:00etatik 20:00etara. Horrez gain, udal ordezkariak baietsi du lehenengo aldiz parte hartzen dutenek lehentasuna izango dutela izena ematean.
Irteera horiek uztailaren 12an eta 26an eta abuztuaren 9an eta 23an izango dira. Proposamenen artean Arabako Errioxara eta Zumaiako flyschera bisitak sartu dituzte. Hala ere, proposamen ofizialak udalaren webgunean jakinaraziko dira.
Emozioak mugimenduan
Programa horren barruko jarduerak aire zabaleko espazioetan egingo dira, mugimendu saioen bidez. Dantza edo gimnasia baliatuz, “esperientzia” bat proposatzen dela nabarmendu du Alzagak, “esentziarekin konektatzeko” edota “emozioak askatzeko”. Ariketa horiek taldean egingo dira, eta taldean aritzeak “sozializatzeko, elkar ezagutzeko, loturak ezartzeko eta nahi ez den bakardadea prebenitzeko” aukera ematen duela gaineratu du udal ordezkariak.
Saio horiek hiriko parke eta auzoetan izango dira, 10:00etatik 11:00etara, eta parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar. Hona hemen saioen egutegia:
- Uztailak 4: Pinudi parkea (Pinudi-San Migel).
- Uztailak 11: Nagore Laffage parkea (Palmera Montero-Arbes).
- Uztailak 18: Lapurdi parkea (Katea).
- Abuztuak 1: Sarjia parkea (Erdialdea-Alde Zaharra).
- Abuztuak 8: Alai Txoko parkea (Lapitze).
- Abuztuak 22: San Martzial parkea (Behobia).
- Abuztuak 29: Soroxarta parkea (Belaskoenea-Anaka).
Zakur terapeutikoak
Tailer horiek animaliekin lagunduriko esku hartzearen metodologian oinarritzen dira, eta metodologia horren helburua da parte hartzaileen ongizate emozionala, soziala eta fisikoa sustatzea txakur terapeutikoekin elkarreraginean jardunez.
Saioa bi fasetan banatzen dela jakinarazi du Alzagak: lehenean, aurkezpena eta ohitzeko fasea gauzatzen dira; bigarrenean, aldiz, ingurune natural batean sozializatzeko paseo bat egiten da. Jardueren artean, hainbat aurreratu ditu udal ordezkariak: konfiantzazko jokoak, pistak edota usaimenezkoak egingo dira adinekoen eta animalien artean ezagutu daitezen. Ekintza horien helburua da adinekoen eta animalien artean ezagutzea, parte hartzaileek “autokonfiantza eskuratu” eta “txakurrarekin lotura emozionala” sustatzeko, “beldurrak gaindituz” eta “hazkunde pertsonala” bultzatuz.
Zakur terapeutikoen jarduerak adinekoen espazioen kanpoaldean egingo dira, eta bi orduko saioak proposatu dituzte. Uztaileko saioak 17:30etik 19:30era izango dira, eta abuztukoak, 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzeko ez da aurrez izena eman behar, eta interesdunak auzo bakoitzean zehaztutako lekuetara joan beharko dira. Honakoa da jardueren egutegia:
- Uztailak 6: Behobiako adinekoen espazio soziala.
- Uztailak 10: Anaka-Puianako adinekoen espazio soziala.
- Uztailak 17: Iraso zentro soziala.
- Uztailak 24: Belaskoeneako adinekoen espazio soziala.
- Abuztuak 21: Palmera Monteroko adinekoen espazio soziala.
- Abuztuak 28: San Migeleko adinekoen espazio soziala.