Udako eskaintzaren berri eman du Txingudi Errugbi Taldeak
Hondarribia Beach Rugby eta TxingUda! programak antolatu ditu Txingudi Errugbi Taldeak uztailerako. Dagoeneko eman daiteke izena.
Txingudi Errugbi Taldeak Hondarribiko hondartzan egingo den errugbi txapelketaren eta oro har, udako eskaintzaren berri eman du.
Iaz ere egin zuen eskualdeko errugbi taldeak txapelketa, eta izen emate kopuruan errekorra egin ostean aurten errepikatu egingo dute lekua. Uztailaren 6an izango da, 10:00etatik aurrera.
Aurtengoan ere taldeek hiru mailatan eman ahal izango dute izena: senior mailan -gizonezko taldeak, emakume taldeak zein mistoak izan daitezke-, emakumeen mailan eta beteranoen mailan. Horretarako, ordea, jokalari bakoitzak 25 euro ordaindu beharko ditu, eta trukean edizio honetako kamiseta berria, janaria eta edaria jasoko dituzte parte hartzaileek.
Egunean zehar, gainera, errugbi inklusiboko erakustaldia izango da Hernaniko (Gipuzkoa) taldearen eskutik, 11:30ean. Bestalde, eguerdi aldera hirugarren denbora eskainiko zaie jokalariei, epaileei eta baita antolatzaileei ere. Ekitaldi osoa DJ Asunciok girotuko du. Izena hemen eman behar da.
Udako eskaintza ere bai
Hondarribia Beach Rugbyz gain, uztailaren 2tik aurrera TxingUda! programa jarriko dute abian.
8 eta 14 urte artekoentzat joko kooperatiboak, kirol eskaintza, ur jolasak, txangoak eta bestelakoak antolatu dituzte Plaiaundiko instalazioetan dinamizatzaile euskaldunek gidatuta, ingurugiroarekin elkarbizitza, elkarren arteko errespetua, elkartasuna eta laguntasuna sustatuz. Ekintza horiek 9:00etatik 13:00etara izango dira.
13 eta 18 urte bitartekoen kasuan, errugbiarekin lotutako ariketak, prestaketa fisikoa eta teknifikazioa landuko dituzte Donibane-Lohitzuneko Saint-Jean-de-Luz Olympique taldeko teknikarien laguntzarekin. Saio horiek 10:30etatik 12:30etara izango dira.
Aste bakoitzeko kostua asteko 65€koa izango da txikien kasuan, eta 50€ zaharragoen kasuan. Hemen eman daiteke izena.