Berezia izan da EAJrentzat aurtengo Irungo jaien hasiera
Irungo EAJk jaien hasieraren inguruan hitz egiten duen ohar bat plazaratu du. Gainera, PSE-EEren gobernuaren balorazioa ere egin dute.
Atzo eman zitzaien hasiera ofiziala San Pedro eta San Martzial jaiei San Joan suaren piztearekin eta udaletxeko balkoiko agurrarekin, eta aurtengoan, gainera, “berezia” izan da agurra, Irungo adinekoak ordezkatzen dituzten hainbat elkarte arduratu baitira hasierako hitzak eskaintzeaz.
Irungo jeltzaleek San Pedro eta San Martzial jai zoriontsuak opa dituzten prentsa ohar bat argitaratu dute, eta Xabier Iridoy bozeramailea arduratu da bertan hitz egiteaz: “Irun sozialki kohesionatuagoa bihurtu behar dugu, pertsona guztiek aukera berdintasuna izan dezaten, eta Irunek pertsona guztiak berdin zaintzen eta entzuten dituela senti dezaten. Gure jaiak gozatzeko gune bat izan behar dute, lagunen artean ondo pasatzeko, baita senideen eta herritar guztien artean ere. Egun hauetan Irungo kaleak sentimenduz, alaitasunez eta emozioz betetzea espero dugu, pertsona guztiekiko errespetu eta tolerantziatik abiatuta”.
Jaien hasieraren harira argitaratu duten prentsa oharrean, ordea, PSE-EEren gobernuaren agintaldiaren lehen urteko balorazioa ere egin nahi izan dute. Laburtuz, atsekabe hitzak plazaratu dituzte: “Aurten proposamenak egin ditugu, akordiorako borondatea erakutsi dugu, Irunek behar dituen proiektuak martxan jartzeko eta garatzeko prestasun osoa erakutsi dugu. Eta honen aurrean, harritu egin gaitu, gure proposamenak gutxiesten dituen gobernu batekin topo egiteak, ulertzera emanez gainera, gure hiriaren defendatzaile bakarrak beraiek direla”.