Mikel Llorente, Real Unioneko entrenatzaile berria
Prestatzaile hondarribiarrak Fran Justo ordezkatuko du Galeko aulkian. Llorente Realetik dator, eta Real C-ren prestatzailea izan da azken bi sasoietan.
Denboraldia bukatuta eta Lehen Federazioko salbazioa lortuta, iragan astelehenean Real Unionek komunikatu zuen Fran Justo prestatzaileak ez duela talde txuri-beltzean jarraituko datorren denboraldian. Justok, bada, badu bere ordezkoa Galeko aulkian: Mikel Llorente. Entrenatzaile hondarribiarra Realetik dator, eta talde txuri-urdinaren gizonen hirugarren taldeko prestatzailea izan da azken bi sasoietan.
Llorentek Hondarribian hasi zuen bere ibilbidea, eta 14 urte eman zituen bere herriko taldean maila guztietan entrenatzen. Suitzako Ligako Chiasso taldean urtebeteko esperientzia bat izan ondoren, 2018an Realak sinatu zuen, eta sei urte eman ditu talde txuri-urdinean. Azken bi urteetan Real C-ren entrenatzailea izan da Bigarren Federazio mailan. Aurten sasoi bikaina osatu du Llorenteren taldeak, bere multzoko bederatzigarren postuan sailkatu baita 47 punturekin (12 garaipen, 11 berdinketa eta 11 porrot).