Euskaraz bizitzeko pauso sendoak ematen
UEMA euskara mankomunitatearen ildo estrategikoei jarraiki, urte hasieratik euskararen aldeko egitasmo ezberdinak abiatu ditu udalak.
2024 urteko urtarrilean egin zen Hondarribia UEMA kide. Ordutik, mankomunitatearen ildo estrategikoei jarraiki, euskararen aldeko egitasmo ezberdinak abiatu ditu udalak.
Hauek dira neurri horietako batzuk: Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina, haurrak kotxean doazela dioten euskarazko pegatinak BAZen eskaini, anbulatorioan edo Laboral zein Kutxaren sukurtsaletan euskararen presentzia zaintzeko hitzarmenak sinatu edota udalean euskararen erabilera guztiz normalizatu eta orokortzeko konpromisoa hartu dute.
Bide berean, euskararen erabilera areagotzeko eta euskal hiztunak ahalduntzeko (Euskara sailarekin elkarlanean) egitasmo berriak martxan jarri dituzte. Uda honetan, adibidez, UEMAren eskutik udal jolaseko begiraleei ikastaro bat eskainiko diete. Helburua honakoa: “hizkuntza gutxitu bateko begirale izateak zer suposatzen duen azaltzeko, haurrentzat erreferente direla ikusarazteko eta euskarari eusteko pautak ere emango dizkiegu” azaldu du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. Aldi berean, 2024-2025 ikasturtean UEMAk herriko hiru ikastetxe eta eskoletako irakasle, guraso, begirale zein ikasleekin saioak egin eta materiala eskainiko die.
Horretaz gain, uda honetan, Bertatik Bertara kanpainara atxikituko da Hondarribia, beste 109 udalerrirekin batera.
UEMAko kide izatea, “euskararen presentzian eta erabileran jauzi” bat egitea esan nahi duela azaldu du zinegotziak, eta ildo horretan lanean dabiltzala ziurtatu du. Horren seinale dira Mendelun zein Gabarrarin, biribilguneen ondoan, jarri dituzten bi kartelak. “Hondarribian euskaraz bizi gara” diote kartelek. Egungo datuek Hondarribiarren ehuneko txiki bat soilik euskaraz bizi dela esaten badute ere, seinaleek diotena egi bihurtzeko lanean da udala.