Bidasoa Irun ez da Txapeldunen Ligan izango
EHFk ez du klubaren eskaera onartu, eta ez da Europako txapelketa gorenean izango datorren denboraldian. Hala ere, Asobal Liga bigarren postuan bukatu ondoren, Europa Ligan izango da Alex Mozasen taldea.
Bidasoa Irun ez da Txapeldunen Ligan izango datorren denboraldian. Hamabi taldek, Bidasoa tartean, Europako txapelketa gorenean parte hartzeko eskaera aurkeztu zuten. Eskaera horietatik zazpi onartu ditu Europako Eskubaloi Federazioak (EHF) Txapeldunen Ligan aritzeko, eta horien artean ez da Bidasoa Irunena ageri.
Europako txapelketa gorenean egongo ez badira ere, Bidasoa “harro” eta “pozik” da Txapeldunen Ligan parte hartzeko hautagaien lehen zerrendan izan delako. Klubarentzat zerrenda horretan agertzea “albiste ona” izan da, azken urteetako lanaren “aintzatespena” baita haientzat. Klubak eskerrak eman dizkie plaza eskatu ondoren “mezu positiboak” eta “animoak” eman dizkieten guztiei.
Bidasoa ez da Txapeldunen Ligan izango, baina Europan barrena arituko da beste urte batez. Aurten sasoi bikaina osatu du talde irundarrak, eta Asobal Ligako bigarren postuarekin biribildu du denboraldia. Hori dela eta, Alex Mozas buru duen taldea Europa Ligan arituko da 2024-2025 denboraldian.