Fin ibili dira Bidasoa Atletiko Taldeko kirolariak asteburuan
Bidasoa Atletiko Taldeak San Martzial Igoeraren, 16 urtez azpikoen Euskadiko Txapelketaren eta 20 urtez azpikoen emaitzen berri eman du.
Durangon (Bizkaia) izan da asteburu honetan 16 urtez azpikoen Euskadiko Txapelketa, eta BATekoek hamabi domina lortu dituzte: lau urre, bost zilar eta hiru brontze.
Gizonezkoetan, Iker Anaut izan da izarra, bi domina lortu baititu; bata pertikan, eta luzera-jauzian bestea. Pertikaren kasuan 3,40 metroko jauziak eman zion urrezko domina. Luzera-jauzian, aldiz, hirugarren postua lortu zuen 5,69 metroko jauzi baten ondorioz. Hala ere, Ibai Anaut ere ez zen makal ibili, zilarra lortu baitzuen pertikan 3 metroko jauziarekin.
Horietaz gain, Eñaut Arburuak zilarra -hesietan 300 metro 42,08 segunduatn eginda- eta Unai Gonzalezek ere zilarra -1000 metro 2:42,60 minutuan eginda, eta baita estatu mailan 16 urtez azpikoetan minimoa ezarrita- lortu zituzten.
Ez dira ordea domina lortu duten bakarrak izan: Beñat Lekuonak brontzea lortu baitzuen alturan 1,60 metroko jauzia eginda, eta baita Jon Andianok ere, 300 metro 39,25 segundotan korri eginda.
Jaurtiketan, urrea eta zilarra
Arlo honetan Uzuri Martiarena izan zen nagusi, berak lortu baitzituen urrea eta zilarra. Disko-jaurtiketan lehen postua lortu zuen 33,84 metro bota ostean eta minimotik soilik hamasei zentimetrora geratuta. Zilarra, berriz, xabalinan lortu zuen, 32,93 metro botata.
Emakumeek ere izan zuten, noski, presentzia, urrezko bi domina lortu baitzituzten Elene Salcedok eta Hai Doung Alzagak. Salcedok 44,90 segundotan egin zituen 300metro hesiak; Doungek, berriz, 41,98 segundotan 300 metro lisoak.
Eta, azkenik, Olatz Elizasuk bigarren postua lortu zuen xabalinan 26,73 metro jaurti ondoren.
20 urtez azpikoetan, errekorra
Aurreko lorpen guztiez gain, Beñat Miquelarenak 20 urtez azpikoen errekorra hautsi zuen Ordizian (Gipuzkoa) 400 metro 47,22 segundotan eginda. Denbora horrek estatu mailako sailkapenean bigarren postuan kokatu du.
Bestalde, larunbatean San Martzial igoera jokatu zen. Emakumeen kasuan Sandra Piera izan zen lehena meta 17:21 minutu ondoren gurutzatuta. Atzetik Caludia Behobide zuen, 18:12 minutuko denborarekin, eta, hirugarren postua Beatriz Malesek lortu zuen, 18:25 minutuko denborarekin.
Gizonen kasuan, aldiz, horrela geratu zen sailkapena: lehenengo postuan Jon Urtizberea, bigarrenean Patrick Laqueche eta hirugarrenean, berriz, Aritz Garin. Urtizbereak 13:22 minutu ondoren gurutzatu zuen meta, Laquechek 13:31 minutu ostean, eta, azkenik, Garinek, 14:01 minutuko denboran.
Hurrengoa Guadalupeko Igoera izango da, abuztuaren 31n.