Piztu da sanmartzialen garra
Irungo adinekoen 10 elkarteena izan da pregoia jotzearen ohorea. "Historikotzat" jo dute pregoilariek gaurko eguna, eta gogoz kontrako bakardadean laguntzeko prest direla nabarmendu dute.
Pregoia jotzearen ohorea Irungo adinekoen hamar elkarterena izan da, eta haien ordezkaritzan udaletxeko balkoian izan dira Shole Agirre, Encarni Gutierrez eta Gema Erro. Beraiekin batera izan da udaletxeko balkoian Cristina Laborda alkatea, lehen aldiz San Joan gaueko sua pizten. Gaurko eguna “historikoa” dela adierazi dute, lehen aldiz adinekoek ez ezik, pregoia alkate emakume batek jo duelako ere. Halaber, gau “ahaztezina” dela esan dute. Horrela hasi dira, ofizialki, 2024ko San Pedro eta San Martzial festak.
Udalari eskerrak eman dizkiete errekonozimenduagatik eta plazer handia dela adierazi jaien agurra egitea. “Zaila da azaltzea oraintxe bertan sentitzen ari garena”. Gaurko egunez bizitzako adin momentu ezberdinetan bizitakoa ekarri dute gogora. “Neskato baten ilusioa, gazte baten garra, heldu baten emozioa eta adineko pertsona baten baretasuna”. Egun, sentimendu horiek guztiak batu egin zaizkiela azaldu dute, “ez delako adin kontua, jarrera da balio duena”.
Gerraosteak, diktadurak eta pandemiak bizitakoak direla gogoratu dute, baina ez direla “erraz beldurtzekoak” gaineratu dute. Bizitzeko gogoak “biderkatu” egin zaizkie. “Ez gara pertsona pasiboak, ez dugu denbora hanka puntetan bizi”. Kontrakoa dela haien bizipena diote: “Gure bizitzen aktore protagonistak gara, eta egunetik egunera akzio pelikulak gehiago gustatzen zaizkigu”.
Adinekoek egiten duten lan “zabala eta oso baliotsua” ordezkatzen aritu direla esan dute. Kolektibo horiek honako hauek dira: Makila; Izarbide, Appebida, Gure Altxor, Nagusilan, Sorosartxa; Zelaiburu; Gepe; Bidasoko Adinekoen Elkartea; eta Txingudiko Pentsiodunen Mugimendua.
Adierazi dute bilobak zaintzeaz gain, jarduera kulturala eta aisi eta kirol jarduerak antolatzen dituztela ere aldarrikatu dute. “Ezin ditugu ahaztu gaur plaza honetara gerturatu ezin izan duteenak eta gure artean jada ez daudenak. Gure kide maiteak, galdu genituenak baina gure bihotzetan egoten jarraitzen dutenak. Jai hauetan gurekin zaudete”.
Gizarte osoaren eskubideak borrokatzen dituztela tinko eta ozen esan dute, eta “modu boluntarioan”. Haien ordainsaria akonpainatuta sentitzen direnen irribarrea da. Hargatik, hain abentura ederra den haien bizitzaren parte izateko gonbita luzatu dute. Haien elkarteetan familia, poztasuna, kariñoa eta bultzada topatuko dituela gerturatzen dela ziurtatu dute. “Inor ez dadila bakarrik gera etxean. Guk akonpainatuko gogoz kontrako bakardadean” bukatu dute.