Gazteak sanmartzialetan murgildu dira jada
Arazo ekonomikoei aurre eginez, Koadrila Eguneko bazkarian 1.117 gazte elkartu dira. Dantzaldian ia 4.000 kide batu dira eta giro ederrean egon dira.
Egun bat eskas falta da Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak has daitezen. Baina, urtero lez, jaien aurrekaria den Koadrila Eguna izan da gaurkoa. Egun osoko festa da gaurko Betti Gottik ondu duena, Antxeta Irratiaren kolaborazioarekin.
Goizean, III. Goitibehera Irun Hiria Saria egin da San Martzial kalean behera eta guztira 14 goitiberak hartu dute parte. Aurtengoan emakumeen parte hartzea sustatu nahian aritu dira, ez baitute jolastu izan, baina kale egin du aurtengo saiakerak.
Lehiaketa bukatuta, berriro bueltan den kamiseta lehiaketaren saridunak jakinarazi ditu Antxeta Irratiak. Los Angeles del Txirris atera da garaile. Xoloagüita eta Irungo Disidenteak izan dira beste sarituak.
Jarraian, denak batera joan dira Ficobara, eta bertan bazkaldu dute 1.117 gaztek. Bi pabiloietan beharrean, pabiloi bakarrean bildu dira gazteak, arazo ekonomikoak medio. Izan ere, Irungo Udalak ez du aurrekonturik bideratu gazteen jaiera, eta Betti Gotti “arduratuta” dago, hartara.
Arratsaldeko dantzaldia, beraz, ordainpekoa izan da lehen aldiz. Sarrerak 2 euro balio izan ditu eta Dj Babel eta Burrunba Elektrotxarangaren kontzertuez gozatu dute. Bertan izan dira 4.000 gazteren bueltan.