Segurtasun eta Bizikidetza Paktuaren Plan Estrategikoa eskatu du Elkarrekin Irunek
Azken batzarrean Udaltzaingoaren jarduketen berri soilik eman izana deitoratu du Elkarrekin Irunek. Segurtasuna modu parte hartzaileak eraikitzearen alde agertu dira.
Elkarrekin Irunek ospatu egin du Segurtasun Batzordea bildu izana. Azken gertakarien harira elkartu dira eta “beharrezkoa” dela erantzunaren gainean lanean jartzeko adierazi du. Dena den, Udaltzaingoaren jarduketen memoriaren eta jaiei begirako segurtasun dispositiboaren berri emateko batzarra izan dela deitoratu dute.
David Nuño bozeramailearen arabera, batzar hauek ez dute soilik informazioa emateko balio behar. Hargatik, Segurtasun eta Bizikidetzaren barruan dagoen Plan Estrategikoa ezagutu nahi duela azaldu du Nuñok. “Elkarrekin Irunek ulertzen du denbora behar dela Plan Estrategikoa idazteko eta duela gutxi sinatu dela hori jasotzen duen paktua, baina planak ez du balio behar gelditasunean jarraitzeko, beste urte batez” esan du bozeramaileak.
Herritarrek “orain” nahi dituztela neurriak dio Nuñok: “herritarrek ez dute denbora burokratikoez ulertzen ez eta horren atzean dagoen joko politikoaz. Soluzioak nahi ditu bizi duten segurtasun faltarentzako” erantsi du.
IrunBuseko gidariek segurtasun alorrean galdegindako neurriez ere aritu da Nuño eta bere ustetan ez da “koherentea” autobus berriak erostea, autobus barruko segurtasun neurririk gabe. “Dirua aurrezteko ez baldin bada” zehaztu du. Batzordean galdetu du ea neurri horiek hartzeko asmorik dagoen, “oinarrizkoak” iruditzen zaizkielako.
Horrez gain, merkatarien eta gertuko komertzioen larritasunak ere izan ditu hizpide koalizio moreko bozeramaileak batzordeak, eta ekintza zuzenak behar dituztela azaldu du, “eta ez promesa hutsalak”. Denok Bat merkatarien elkartearen eskakizunak eraman ditu batzarrera eta jaietan segurtasuna indartzea eskatu dutela esan du: “Gure konpromisoa haiei entzutea da eta udalari haien eskakizunak luzatzea. Gero, udal gobernuaren borondatearen araberakoa izango da, eta azken aldian dirudi azken aldian deskonektatuta dagoela hiritik” dio Elkarrekin Irungo ordezkariak.
Paktuak ea funtzionatzen duen zalantzan jarri du Nuñok: “iaz, Udaltzaingoaren jarduketa memoriaz hitz egiteko deitu zen batzordea, eta aurten, berriro ere. Ziurrenik hurrengo urtean informazio berdina emateko deituko dela” dio Nuñok. Elkarrekin Irunen hasierako proposamena hitzarmenetik kanpo geratu zela oroitu dute eta baieztatu dute haiek defenditutako segurtasun batzordearen ereduak “funtzionatzen duela”: “Segurtasuna modu parte hartzaileak ulertzen du, agente sozial guztiak inplikatuta eta ez soilik entzule moduan. Bide horretan egin behar dugu oinez, eta, horregatik, plan estrategikoa galdegiten dugu. Era horretan, ez da galduko helburu finala” amaitu dute.