'Sarandonga' izan da Hondarribiko Erdi Aroko pintxo onena
Hondarribia ordezkatuko du Tizonek Erdi Aroko Pintxo eta Tapa lehiaketaren XV. edizioko finalean. Sigüenzan (Espainia) izango da.
Gran Sol tabernako Iñigo Tizonen ‘Sarandonga’ lana gailendu da Hondarribiko Erdi Aroko pintxoen artean, eta, ondorioz, bere herria ordezkatuko du Sigüenzan (Espainia) jokatuko den Erdi Aroko Pintxo eta Tapen XV. Nazioarteko Lehiaketan. 2015. urtean ere lehiatu zen Tizon Sigëunzan: “Ilusioa egiten dit itzultzeak. Parte hartu nuen lehen lehiaketa izan zen. Garcia-Verdes familiak hartu gintuen orduan, eta esperientzia zoragarri hori errepikatuko dugu udazken honetan. Dena emango dugu”. Ez da lehen aldia Gran Solek lehiaketa herrikoia zein nazioartekoa irabazten dituena.
‘Sarandongak’, aurtengo pintxoak, badu bereizgarri bat: ez da dirudiena. Lehen kolpean pintxoaren osagai nagusiak arroza eta esnea direla dirudite; aitzitik, arroza eta bakailaoa dira osagai nagusiak.
Publikoaren saria, Mika Jatetxearentzat
Bestalde, Mika Jatetxeko Mihaela Popek irabazi du hirugarrenez publikoaren saria. Aipatzekoa da Popek hamasei urtez egin zuela lan Gran Solen. ‘Sarmá’ du izena bere pintxoak, eta sukalde errumaniarra eta euskalduna uztartzen ditu, lehiaketaren idiosinkrasia errespetatuz.
Mika Jatetxeko sukaldaria harro agertu da Hondarribiko publikoak bere pintxoa aukeratu duelako: “Ez nuen espero, baina oso zoriontsu egiten nau sariak”, dio. Erdi Aroko pintxoen ibilbidea burutu zutenen arteko botoen %35arekin irabazi zuen saria.
Epaimahaia Zabala Jatetxeko Naiara Arizmendik, Arraunlari berri Jatetxeko Xabi Izagirrek eta Basque Culinary Centerreko irakasle den Leire Etxaidek osatzen zuten.