Lehen urtearen balorazioan, Abotsanitz "ilusioz" eraldaketarako
2023-2027 agintaldiko lehen urtearen balantzea egin du Abotsanitzek. Duela urtebeteko "ilusioarekin" jarraitzen dute, "eraldaketa" batean sinisten baitute.

Aste honetan urtebete bete da Abotsanitzek alkatetza eta Igor Enparanek aginte makila lortu zituztenetik, eta alderdiak 2023-2027 agintaldiko lehen urtearen balorazioa egin du. Abotsanitzek adierazi du urtebete pasa dela udal hauteskundeetan herritarrek aldaketa eskatu zutenetik. Oposizioan zeudenetik aldarrikatu dute “pertsonak zentroan” jarriko dituen hiri eredu bat behar duela Hondarribiak, eta mahai gainean jarri dituzte EAJren “gobernu eskasaren” zein urteetako “deriba okerraren” ondorioak. Abotsanitzek aitortu du bazekitela udalak eta instituzioek “arazo eta gabezia handiak” zituztela, baina behin udalera iritsita, esperotakoa baino “egoera tamalgarriagoa” aurkitu dutela jakinarazi dute.
Jaso duten herentzia “politika baztertzaile, neoliberal eta klasisten ondorioa” dela nabarmendu dute. “Altxortegia beteta” dagoela zehaztu, baina eguneroko lana aurrera eramateko “baliabide gabezia” nabarmena dela adierazi dute. Egoera horrekin politika publiko sozialak garatzea “ezinezkoa” dela nabarmendu dute. Herentzian jasotako administrazioaren funtzionamenduak eta sortutako hiri ereduak “herritarrak kanporatu” eta “gaitasun ekonomiko handiko kanpotarrak erakartzeko makina perfektuan” bilakatu dute Hondarribia haien ustez.
Testuinguru horretan, mandatua aurrera eramateko bidea “asko zaildu” zaiela esan dute. Indarrean zegoen eredua aldatzen hasi ahal izateko, aurkitu duten “kaosa” zuzentzeko beharrean aurkitu direla zehaztu du Abotsanitzek. Lehen urtean, eraldaketa eragingo duen kudeaketa eredu ezberdin bat martxan jarri nahi izan dute, “esfortzu” gehigarri bat eginaz, udalak herritarrekiko harreman “zuzen, garden eta gertuko” baten aldeko apustua eginez.
Hiri eredu aldaketa horretan, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) “garrantzia handia” izango duela adierazi dute. Abotsanitzek, oposizioan zegoen bitartean, HAPO “sozialago” baten alde egin zuela nabarmendu du; eta, orain, dokumentu horri “bihotza” jartzen ari direla baietsi dute, eragile guztiekin “zubiak eraikitzeko” ahaleginetan, “Hondarribitarrok Hondarribian bizi ahal izatea ahalbidetuko duen plana garatzeko asmoarekin”.
Hondarribia “herritarren beharretara” egokitzeko, beste “gako garrantzitsu” bat herri mugimendu “bizi” eta “osasuntsu” bat izatea dela adierazi du Abotsanitzek. Hori dela eta, auzoetako eta eragileetako beharrak “modu zuzenean” jasotzea eta “komunikazioa arina” izatea “oso garrantzitsua” iruditzen zaie. Hori errazteko, udaleko gai eta prozesuetan herritarren parte hartzea sustatzen ari dira. Zuzentzeko “asko” gelditzen zaien arren, nabarmendu dute “saiakera handiak” egiten ari direla herritar guztiei “arrazoizko epe batean” erantzuten eta egiten dituzten komunikazioak “humanizatzen”.
Egitura “zaharkitu” eta “kontserbadoreari” buelta ematea “erraza” izaten ari ez den arren eta batzuetan “zailtasunak gainezka” egiten dietela sentitzen duten arren, duela urtebeteko “ilusio” berarekin jarraitzen dutela jakinarazi dute, “eraldaketa” batean sinisten baitute. “Oso eskertuta” daude bide horretan “ilusioa” elikatzen lagundu dieten herritar eta elkarteei. Abotsanitzentzat “ohore” bat da Hondarribia hobetzeko haiengan jarritako “konfiantza”.